Datorren ostiralean, apirilaren 28an, arratsaldeko 20.00etatik aurrera, Bermeoko Santa Eufemia elizak Erroxape abesbatzaren kontzertu berezienetariko bat jasoko du, 2023 honetan beteko duen bere 25. urteurrena ospatzeko izango baita.

Abesbatza, izen bereko Emakume Elkarteak sortu zuen 1997-1998 ikasturtean udalaren musika eskolaren baitan.

Ekitaldian, Estibalitz Arrizabalaga zuzendaritzapean, emakumeek 10 kantuz osatutako errepertorio zabala eskainiko dute bi ahotsetara, unisonoan, a capella eta pianoarekin lagunduta. Kontzertuan zehar musika estilo desberdinak kantatuko dituzte, hala nola, Bermeoko herri kantak, euskal kantak, pop estiloa, mundu zabaleko folkloreko kantuak... Azken kantua Erroxape abesbatzetik igaro diren kantari ohiekin batera, Bermeoko herri kanta kantatuko dute. Guztira 45 kantari elkartuko dira eszenatoki gainean. Kontzertuan musikari laguntzaileak izango dituzte: Inma Anasagasti pianoan, Iban Ibarretxe xirula eta ttun-ttunarekin eta Edorta Izarzugaza perkusioan.

Kanturako behar den oinarrizko teknika lantzen dute eta horretaz gain, gorputz mugimendua ere sartzen dute koreografiak eskainiz. Emakumeek ikasturtean zehar, 8-10 kontzertuetan parte hartzen dute eta 25 urte hauetan taldea herriko agendan presente egon da: gabon kontzertua, Santa Agedako kalejira, meza abestuak, Emakumeen eguneko ekintza, Zaharren egoitzan entzunaldiak, San Juan egunean, Txistu Alardean... Horretaz gain, abesbatzen artean elkartruke kontzertuak ere antolatu dituzte urtero, herrian eta Euskal Herriko herri askotan eta EHMEk antolatutako MUSIKALDI edizio guztietan ere hartu dute parte.