Foruko Udalak 366.238,63 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Muinogorri Alkatearen txoko zaharra, orain udal jabegokoa dena, udal ostalaritzako gune bihurtzeko lanak egiteko. Obrak apirilaren azken astean hasiko dira.

Proiektua da espazio honi instalazino egokiak, irisgarriak eta funtzionalak emotea, eta, horretarako, Udalak obra integrala egingo dau. Planteatutakoa obra integrala da eta lokalaren intsonorizazino osoa eta isolamendu akustikoa zein termikoa barne hartzen dauz, azken hau energia-eraginkortasunera bideratuta. Ostalaritza-jardueraren eta auzokideen arteko bizikidetza bermatzeko, batzarrak egin dira proiektua azaltzeko eta lokalaren intsonorizazino- eta isolamendu-ezaugarriak azaltzeko.

Helburua lokalak herritar guztiei zerbitzua emotea da. Horregaitik, espazioen diseinuaren planteamendua zabalik dago ostalaritza-establezimendu batek eskain daikeezan erabilera eta zerbitzuetara. Beraz, eremu bereiziak sortuko dira, baina haien arteko komunikazinoa galdu barik. Honegaz, guztiok gozatzeko moduko espazio bat sortu gura izan da, nortasunadun espazio eta guztiontzat erosoa. Lokalak honako hauek izango dauz: taberna-gunea, mahai altuekaz; gune lasaia , kafetegi itxura handiena izango dauen gunea, mahai baxuekaz eta aulki erosoekaz; jantokia, banku jarraiak eta mahai baxuekaz, eta aulki tolesgarriak, plater konbinatuen zerbitzua eskaintzeko aproposa; barra, lehendik dagoena baino luzeagoa izango dana: sukalde hornitua eta zerbitzu eguneratuekaz; bi komun publiko egokitu, gizonentzat eta emakumeentzat, eta biltegi bat.

Obren burutzapena esleitzeko lehiaketara bost enpresa aurkeztu ziran. Hautaketa-prozesuan Erakus Arquitectura de Interiores SA enpresa esleitu zan 366.238,63 euroko zenbatekoan, BEZ barne. Obrak egiteko epea hiru hilabetekoa izango da, eta, beraz, obra uda baino lehen amaituta egotea espero da.

Helburua lokala hainbat arinen zabaltzea da, eta udal ostalaritzako establezimendu barriaren zabaltzea bizkortzeko eta forutarrek uda honetan zerbitzu barriaz gozatu ahal izan daiezan saiatzeko, Udalak, aldi berean, 200m2-ko lokalaren kudeaketa/errendamendua esleitzeko izapideak abiarazi dauz. Ostalaritza-jarduera esleitzean baloratuko dabezen lehentasunen artean, Foruko bizitza soziokulturalaren eragile dinamizatzaile lez lan egiteko konpromisoa dago, forutarrentzako eta bisitarientzako topagune lez. Zerbitzu ona, kudeaketan seriotasuna, herriaren nortasuna lokalean mantentzea eta kalidadezko eskaintza enogastronomikoa izango dira gakoa.

Proiektuaren helburu orokorra Foruko bizitza soziala eta kulturala dinamizatzen laguntzea da. Hau dala ta, udalak erdiguneko lokala erosi eban, orain arte txoko lez erabili zana, forutarrontzako topagune eta publiko osoarentzako erakargarri bihurtzeko.