Boluntarioki egiten den jarduna da odol ematearena, musutruk. Baina keinu solidario txiki horrek biziak salbatzea suposatzen du. Eta Gernikaldean izandako 2022 urteko datuek azaldu dutenaren arabera, “sendo” eutsi dio Gernika-Lumok. Izan ere, eta Odolkideak elkarteak batutako datuen arabera, oratariko 1.181 emate –udalerrian bertan, inguruko fabriketan eta Usansolo-Galdakaoko ospitaleko aferesi unitatean– izan ziren iazkoan, “61 emaile berri” izan zirelarik. Hala ere, “Gernika-Lumo (Foru plazan) era absolutuan 25 odol emate gutxiago” izan zirela nabarmendu dute, “portzentajeari erreparatuta %2,19 gutxiago”.

Hala ere, Busturialdeak ohiko odol emate kopuruari tinko eutsi zion. “Datuak urteetan zehar gorabeherakoak izan arren, 2022an, datuak apur bat beherantz” etorri diren arren lortutakoak “onak” izan direla adirazi dute Odolkideak elkartetik. “Aspaldiko urteetakoak 2004 urtekoak dira goipuntakoak –1.438 odol emate–, eta milatik gorako azkenak 2017koak –1.031 odol emate– izan ziran”. Bestetik, azken hamar urteotan “gorabeherak egon arren, odol-emote kopurua beti ibili izan da 1.000etik 1.450erako tarte horretan. Orain iazko 1.139ko kopurutik behera, 1.114ko odol emotera heldu gara, 25 gutxiago –%2,19 beherakada– eta Bizkaian, berriz ia-ia parean geratu da –%0,33 gehiago–”. Zehaztu dutenaren arabera, odol emaile berriena izan da daturik positiboena. “Emaile berriak 61 pertsona” izan dirala azpimarratu dute. “Berriztea garrantzi handikoa eta ezinbestekoa da emaitzaren iraunkortasunerako”, esan dutenez, eta kadu berrietatik 30 izan dira gizonezkoena eta 31 andrazkoena. Azkenik, “normalean gazteenak izaten dira emaile berriak”, jakinarazi dute.

Gernikaldeko odol emate datuei erreparatuta, “erdi parean” daudela adierazi dute. “Baina emaile kopurua mantendu behar da, eta berriztu. Emon dezagun datu esanguratsu bat, honen adierazlea dena: gaur egun bertoko bizilagunen emoteak 829 izanda , tasa hori 49,18 odol emate /1.000 biztanleko izan da. Eta orain sobran betetan dugu Osasunaren Munduko Erakundeak autosufizientziarako ematen duen gomendioa”. Eta autosufizientziako beste datu baten arabera, Gernika-Lumoko bizilagunen 18-65 urte artekoak 10.098 dira guztira eta emaileak 829 izan badira, populazinoaren %8,21 izango liteke indizea, “eta beraz, agindutako hiru eta bost bitartekoa baino askoz ere gorago gaude. Halanda ze, autosufizientzia datu bien arabera ondo betetzen dugu gernikarrok beharrizan hori”.

“Eskualdeko ordezkaritzetan, fabriketan eta aferesiaren bidez egiten diren emateak EAEko autosufizientziako helburua lortzeko guztiz lagungarriak dira, izan ere orokorrean batezbesteko indizeetatik gora gaude”, gaineratu dute Odolkideak elkarteko ordezkariek. Hala ere, eta datu hauek eskutan izanda, emaile gehiagoren beharraz ohartarazi dute, maiztasuna handitzearenz, baita gazteen parte hartzeaz ere. “Ondo egonda ere, ahaztu barik joan behar dugu odola ematen ahal dogun bitartean behintzat. Gizarte mailan odolaren beharrizana egindakotzat emoten du jendeak –nonbaiten be eginda dagolakoan), eta emate-tasa horri eutsi ezean ez dago zer eginik. Gure arloa da, danona, eta kontzientzia hori sortu eta zabaldu behar dugu”. l