Mallabiko Udalak aerotermia bidezko berokuntza- eta hozte-sistema bat jarri du eskolako gimnasioan, berokuntza-sistema eraginkor eta iraunkor bat emateko helburuarekin. Instalazio horretarako 23.070,60 euroko inbertsioa egin da guztira, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Udalguntza 2022 programaren 13.842,41 euroko dirulaguntza jaso da.

Aerotermia inguruneko airean bero moduan biltegiratzen den energia da, espazio bat berotzeko edo hozteko atera daitekeena. Espazio hori jasangarriagoa da eta eraginkortasun energetikoa hobetzen du. Aerotermia-sistemek kontsumoa eta CO2 emisioak murrizten dituzte, eta energia-iturri agortezina erabiltzen dute, airearen ingurumen-energiaren % 77 ere doan ateratzen duen teknologia garbia baita.

Horrela, Mallabiko eskolako gimnasioan aire/ur bero-ponpa bat instalatu da, itzulgarria eta eraginkortasun handiko etiketa energetikoa duena. Ur bero sanitarioa 70º-raino metatzeko gaitasuna du, eta lanerako gaitasuna -25º-raino berogailuan eta 46raino hoztean.

Azken urteotan hainbat jarduera egin dira eskolaren eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko, eta oraingo honetan eskolaren eraginkortasun energetikoa hobetu egingo da gimnasioa modu eraginkorrean erabiltzeko aukera emango duen instalazio berri honekin.

Bizikletak konpondu eta garbitzeko puntua

Bestalde, Mallabiak bizikletak konpontzeko bizikleta-puntu bat inauguratuko du Arteiz kaleko 4. zenbakian, udaletxearen atzean. Erabilera libreko eta doaneko estazioa da, txirrindulariek bizikletetan konponketa txikiak eta mantentze-lanak egin ahal izateko beharrezko tresnekin hornitua, hala nola gurpilak puztea edo aldatzea, torlojuak estutzea, balaztak doitzea edo ziztada bat konpontzea.

Dagoeneko martxan dagoen zerbitzua oso erabilgarria izango da, batez ere mendiko txirrindularitza amaitu ondoren bizikleta garbitu edo konponketak egin nahi dituztenentzat.

Puntu honetan bihurkinak, giltza ingelesa, giltza finkoak, allen giltzak eta pneumatikoen estalkiak desmuntatzeko eta muntatzeko tresnak daude. Puzteko, mahuka eta balbula bidezko konektoreak dituzte, puzteko eskuzko sistema batekin eta aire-presioa kontrolatzeko manometroarekin. Gainera, ur-hornidura dosifikatua duen mahuka baten bidez garbitzeko aukera ematen du. Lan horiek guztiak erosotasunez egin daitezke; izan ere, zutabeak berak eusteko besoak ditu, bizikleta esekitzeko, elementuak lantzen diren bitartean. 20 x 20 cm-ko neurriak dituzte, eta 1,40 m-ko altuera.