Getxoko Udaltzaingoko agenteek 47 ekintza egin behar izan dituzte asteburu honetan ospatu egin diren Algortako inauterietan. Dispositiboa larunbatean, otsailak 25, hasi zen, arratsaldeko 19.00etan, eta igandean amaitu egin zen, goizeko 8.00etan. Denbora horretan, Udaltzaingoak 300 litro alkohol konfiskatu zizkien adingabeei.
Keltse Eiguren Herritarren Segurtasunerako zinegotziak adierazi duen bezala, “Udaltzaingoak bere prebentzio-dispositibo bereziak prestatzen ditu udalerrian egiten diren ospakizunen arabera, herritar guztiek jai baketsuez eta eraso sexistarik gabeko jaiez gozatzeko aukera izan dezaten. Kasu honetan, jaiaren ezaugarriak direla eta, Inauteria ospatzera joaten diren adingabeak babesteko lan egin da”.
Alkohol-kontsumoari dagokionez, konfiskazio horretaz gain, aipatzekoak dira adin nagusiko pertsona bati jarritako salaketa adingabeei alkohola erosteagatik, 17 urteko gazte bat intoxikazio etilikoagatik Urdulizko ospitalera eraman izana eta baimendutako alkoholemia-tasa baino gehiagorekin gidatzeagatik jarritako 2 salaketa.
Arma zurien kontrolari dagokionez, bi labana eta bihurkin bat konfiskatu zituzten, eta dagozkien pertsonen salaketak izapidetu.
Halaber, 4 salaketa izapidetu ziren substantzia estupefazienteak edukitzeagatik; pertsona bat ikertu zen mugikorra lapurtzen saiatzeagatik; herritarren segurtasunerako 6 prebentzio-jarduera egin ziren (errekisitoria judizialak eta polizialak); 5 bozgorailu konfiskatu ziren eta 6 eztabaida edo borrokatan parte hartu zen (inplikatutako pertsonen identifikazioarekin konpondu ziren). Halaber, 4 laguntza-lan ere egin ziren erorikoengatik eta adingabe bat aurkitzeagatik, eta pertsona bat salatu zuten kalean pixa egiteagatik.