Astelehen honetan, otsailak 27, ireki egingo du Amorebieta-Etxanoko Udalak Larrea kiroldegian urteko bigarren hiruhilekoan eskainiko diren ikastaroetan izena emateko epea. Martxoaren 6ra arte egongo da zabalik matrikulazio-epea.
Bigarren hiruhileko honetan ere, aurrekoan bezala, zornotzarrek kirol eskaintza anitz bezain zabala izango dute gorputza astindu eta kirola egiten jarraitzeko. Hainbat ikastarok jarraipena izango dute eta berriren bat ere izango da aukeran: mantentze gimnasia, egokitze fisikoa, GAZ, Xunba, Pilates, Spinbike, Aquagym, eta helduen eta umeen igeriketa…
Izen-emateko baldintzak
Izena emateko epea, esan bezala, otsailaren 27an zabalduko da eta martxoaren 6a arte luzatuko da. Interesdunek Larrea Kiroldegiko harreran edo udal webgunean eman ahal izango dute izena (esteka astelehenetik aurrera egongo da erabilgarri). Ohikoa den moduan, izena ematen duten pertsona kopurua eskaintzen diren plazak baino altuagoa bada, zozketa egingo da martxoaren 9an, eta hilaren 13an onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko da iragarki taulan. Udalak gogorarazi du bakoitzaren ardura izango dela zerrenda horretan agertzen den egiaztatzea.
Era berean, plaza duten pertsonek martxoaren 17a arte entregatu ahal izango dute matrikularen konfirmazio-orria. Horren ostean, itxaron zerrenda egonik, hutsik gelditu diren plazak hartzeko aukera izango dute, martxoaren 21etik aurrera entregatuz ikastaroa egiteko konfirmazioaren inprimakia. Udalak gogorarazi du plaza lortu arren ezarritako epean matrikula konfirmatzeko inprimakia entregatzen ez duten eskatzaileek plaza izateko eskubidea galduko dutela.
Ildo horretan, matrikula konfirmatzeko epea igaro ondoren, plazaren bat hutsik geratzen bada, martxoaren 27tik aurrera Larrea kiroldegiko harrerara bertaratu eta matrikula egiten duten pertsonentzat izango da. Ordenan esleituko dira plazak, harrerara iritsitako lehenetik hasita.
Amaitzeko, matrikula konfirmatu ondoren baja eman nahi duten pertsonek idatziz jakinarazi beharko dute, eskaera Zelaieta zentroan erregistratuz. Baja eskatzeko data izango da itzulketaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartuko den erreferentzia.
Umeen Igeriketa ikastaroa
Plazarik lortu gabe, itxaron-zerrendan geratzen diren haurrek plaza bermatua izango dute hurrengo ikastaroan, eskatutako maila eta ordutegi berean, itxaron-zerrendaren ordenari jarraituz eta bertako plaza-kopuruaren arabera betiere. Horretarako, ezinbestekoa izango da ikastaro berrirako ezartzen den epean izena ematea.