Aste honetan hasi dira Iturribarriko Areneazpi eta Francisca Labroche kaleen artean kokatuko diren Babes Ofizialeko 58 etxebizitzak eraikitzeko lanak.
Getxoko Udalak eta Visesa sozietate publikoak Getxon babes publikoko etxebizitzak sustatzeko egindako hitzarmenaren emaitza dira etxebizitza horiek, eta duela urtebete pasatxo Iturribarriko beste lursail batean esleitutako 91 etxebizitzei gehitu behar zaie. Obra 2025aren hasieran amaituko dela aurreikusten da, eta etxebizitzak 2025eko udan Alokabide sozietate publikoari entregatuko zaizkiola kudeatzeko. Eraikuntza-kostua 6 milioi eurotik gorakoa da (BEZik gabe).
Eraikina luzetarako bolumen batean egingo da, Arenazpi kalearen ondoan. Beheko solairua gehi sestra gaineko beste 5 solairuko bloke bat da, eta sestra azpiko bi soto izango ditu garajeetarako. Beheko solairuan atari bakarra, 8 etxebizitza eta garajera sartzeko eskailera egongo dira. Goiko solairuek bizitegi-erabilera dute, eta 10 etxebizitza izango ditu solairu bakoitzeko. 58 etxebizitzetatik 43 bi logelakoak izango dira, 3 egokitu bi logelakoak eta 12 hiru logelakoak. Gainera, 58 garaje egongo dira, etxebizitza bakoitzeko bat.
Etxebizitzen azalera erabilgarria 49 eta 83 m² artekoa da (gehienak terrazarekin), eta partzelak zuhaizti-berdegune zabala izango du.
Gainera, eraikinaren eraginkortasun energetikoaren kalifikazioa A da. Ur bero sanitarioa termo elektriko indibidualetan sortuko da, eta berokuntza-sistema indibiduala izango da, erradiadore elektrikoen bidez. Horretarako, eguzki-energia fotovoltaikoko sistema bat diseinatuko da, autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eta soberakinak sarera isurtzeko.
Gaur egun, Sarrikobason babes ofizialeko 68 etxebizitza eraikitzeko obrak ere egiten ari dira, eta joan den hilean Venanciosen aurreikusitako 54 etxebizitzetarako obra-lizentzia eman zen, guztiak ere alokairu orokorreko erregimenean.