Amorebieta-Etxanoko Udalak ezagutzera eman du aste honetan Inauterietako egitaraua. Datorren astean ospatuko dira, otsailaren 17an, 18an eta 21ean konkretuki, eta adin guztietarako programazioa egongo da, baina batez ere umeei eta gazteei bideratutakoa.

Badator Perubele

Ohikoa den moduan, Perubelek emango die hasiera inauteriei otsailaren 17an. 19:00etan helduko da Perubele Amorebieta-Etxanora, hain zuzen, Zelaietara eta bertatik Zubiondorainoko bidea egingo du, Udazken taldeko gaiteroek girotuta. Aurkezpenaren aurretik, baina, gaztetxo zornotzarrei zuzenduriko pertsonaia honi lotutako eskulan tailerrean parte hartzeko aukera izango da, Ludotekan, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Izena eman nahi duenak Gazte Bulegora jo behar du.

Festak jarraipena izango du Zubiondon jarriko den karpan. Gora Herria erromeriaren doinuek dantzan jarriko ditu zornotzarrak eta aurten, gainera, txorizo eta sagardo banaketa berreskuratu du Udalak, Covid-az geroztik egin ez dena.

Horrez gain, Porrotx eta Marimotots ere Amorebieta-Etxanon izango dira egun honetan, ikuskizun bikoitza eskainiz Zornotza aretoan. Sarrerak Zornotza Aretoko webgunean eta Zelaieta eta Zornotza Aretoan eskatu ahal izango dituzte izena eman ez zutenek.

Larunbatean, guztiok dantzatzera!

Otsailaren 18an, musika eta dantza izango dira protagonista herrian. Eguna hasteko, eguerdiko 12:30ean Inauteri dantzak egingo dira Udabarri taldearen eskutik Herriko Plazan. Arratsaldean, haur ikuskizuna eskainiko da Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoekin, Zubiondoko karpan eta iluntzean, halaber, 20:00etan, DJ Party&Tiza-ren erritmora dantzatuko dute zornotzarrek bertan. Era berean, arratsaldeko 19:00etan, Triki Piu Pand taldea izango da herriko kaleetan zehar inauteri eta festa giroa jarriz.

Go!azen 9.0ko bi emanaldi ere eskainiko dira larunbatean Zornotza aretoan. Sarrerak Zornotza Aretoko webgunean eta Zelaieta eta Zornotza Aretoan eskatu ahal izango dituzte izena eman ez zutenek

Asteartea, gazteen mozorro eguna

Otsailaren 21ean, gaztetxoak izango dira Udalak antolatutako egitarauaren protagonista nagusiak. Arratsaldeko 17:00etan hasita, Ludotekan, polaroid argazki makinarekin egingo den photocall-a izango dute, eta Instagram mozorro lehiaketa ere egingo da.

Ordu berean, Zubiondo karpan DJ Txurru izango da festa animatuz. Eta inauteriei agurra emateko, 19:00etan Perubele izango da berriro, oraingoan, aurkezpenean egindako kontrako bidea eginez, hau da, Zubiondotik Zelaietarakoa. Agurra ere Udazken taldeko gaiteroek girotuko dute eta aurten, dantza bertikala ikuskizuna ere eskainiko du Zinbulu dantza bertikala taldeak, Inauteriei amaiera emateko.

Egitarau osoa

Otsailak 17, ostirala

17:00/ 18:00/ 19:00 Ludoteka

  • Perubeleren eskulan tailerra
  • Izen-ematea: Gazte Informazio Bulegoa

19.00  Zelaietatik Zubiondora

  • Perubeleren aurkezpena
  • Udazken taldeko gaiteroekin

19:30 Zubiondo parkea- Karpa

  • Sagardoa eta txorixoa

20.00 Zubiondo parkea-Karpa

  • Erromeria Gora Herria

Otsailak 18, larunbata

12.30 Herriko plaza

  • Inauteri dantzak Udabarri dantza taldearekin

18.30 Zubiondo parkea –karpa

  • Umeentzako ikuskizuna: “Gari, Montxo eta Joselontxo”

19:00 Herriko kaleetatik

  • Triki Piu Pand

20.00 Zubiondo parkea –karpa

  • DJ Party&Tiza

Otsailak 21, asteartea

17.00 Ludoteka

  • Photocall Polaroid eta Instagram mozorro lehiaketa

17.00 Zubiondo parkea – karpa

  • DJ Txurru

19.00 Zubiondotik Zelaietara

  • Perubeleren agurra, Udazken taldeko gaiteroekin eta Zinbulu dantza bertikala taldearekin