Astelehen honetan, abenduak 26, Barakaldoko Udalak ekimen berezi bat aurkeztu egin du. Ohi moduan, koronabirusaren pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, San Silvestre lasterketa ospatuko da datorren larunbatean, hilak 31. Bada, aurten, berritasun polit bat izango du, dibertsitate funtzionala duten pertsonek parte hartu ahal izango baitute.
55 pertsonak baino gehiagok eman du izena hitzorduan. Hitzordu hori haur-karrera tradizionalaren ondoren eta absolutuaren aurretik egingo da. Lasterketa hori Autismo Euskadi elkartearekin lankidetza estuan antolatu da, dibertsitate funtzionala dutenen beharrak ikusarazteko. "Barakaldoko txirrindularitza-elkarteak kirola eta elkartasuna uztartzen ditu beti, eta horrek oso harro gauzka". Halaxe adierazi du Iñigo Asensiok, Barakaldo Kirolakeko presidenteak.
"Lasterketa isilik egitea eskatuko zaieparte-hartzaileei, eta zeinu-mintzairaren keinua erabiliz animatzea, eskuak altxatu eta beren buru gainean biratuz, funtzionalki desberdinak diren askok zarata apaltzea behar izaten baitute", azaldu dute José Luís Martínez Simarrok eta Ander Iguaz Txirrindulari Elkarte Barakaldarreko presidenteak eta karrerako zuzendariak, hurrenez hurren.
Ibilbide bera IX. San Silvestre barakaldarrean
Herri-lasterketak dagoeneko klasiko bihurtutako 5.800 m-ko ibilbidea errepikatzen du udalerriko kaleetan. Irteera 17:00etan izango da Barakaldoko Herriko Plazan, helmuga-lerroa ere bertan baitago. Aurten ere parte hartuko dutela baieztatu dute aurreko edizoetan irabazle suertatutako bertoko atleta Natalia Gómezek edo Xabier Tijerok, antolatzaileak oso harro dauzkam probaren maila goratuz. Erakundeak parte-hartzaile guztiak animatzen ditu ekitaldira mozorrotuta joatera. Antolatzaileek iragarri dutenez, lehenengo hiru sailkatuek trofeoa eta podiuma izango dute, baita lehenengo barakaldarrak ere.
Txikienek Barakaldoko San Silvestre Txiki lasterketan parte hartzea izango dute. 16:00etan hasiko da, Herriko Plazan. Urtero legez, 0 urtetik 12 urtera bitartekoek hartu ahal izango dute parte. Adin-taldeka aterako dira, eta adinari dagokion distantzia egingo dute. Laguntza behar duten haurrek beste norbaitekin egin ahal izango dute korrika.
Orain arte, 730 lagunek baino gehiagok eman du izena helduen proba absolutuan, eta 250 haurrek, berriz, haur-proban. Lasterketa guztietarako online inskripzioak abenduaren 28ra arte daude zabalik helbide honetan.
Aurrez aurrekoak, berriz, OTO Kirolak (Foruak, 6. zk., Barakaldo) saltokian gauzatu ahalko dira hilaren 30era arte, eta Herriko Plazan, probaren egunean bertan, 16:00ak arte.
Elikagaien Bankuari dohaintzak
Dortsalak OTO Kirolak-en jaso ahal izango dira, hilaren 29an eta 30ean, edo Herriko Plazan bertan, hilaren 31n, 10:00etatik 16:00etara (hala ere, antolatzaileek gomendatzen dute OTO Kirolak-en jasotzea). Txikien eta Dibertsitate Funtzionaleko lasteketetako korrikalariek berariazko dohaintza egin beharko dute gauzatan nahiz elikagai-bankurako bonuak erosiz, dortsala jasotzerakoan. "Aukera berri hau Elikagaien Bankuak eskatuta sortu da, horixe baita une bakoitzeko eskaera zehatzei aurre egin ahal izateko modurik eraginkorrena", azaldu du Martínezek. Era berean, herri-proban parte hartzen duten boluntario guztiak dohaintzan laguntzera animatzen ditu erakundeak, aurreko urteko diru-bilketaren errekorra gainditzeko asmoz.
Urtero legez, parte-hartzaileek arropazaindegia izango dute Herriko Plazako karpan, eta hornidura osasungarria, berriz, helmugan. Haur-lasterketan eta dibertsitate funtzionaleko lasterketan parte hartzen dutenek helmugan jasoko dituzte beren opariak. Probaren ondoren, lasterketa herrikoian parte hartu duten guztien artean zozketatuko dira opariak, hala nola erosketa-txartelak, osteopatia-bonuak, asteburuko menua, kirol-ekipamendua eta askoz gehiago.