Síguenos en redes sociales:

Gernika-Lumoko Marijesiak prest dira euren errondetarako

Bilboko Etorkizuna Musiketan elkarteak jasoko du abenduaren 24an biltzen den dirua

Gernika-Lumoko Marijesiak prest dira euren errondetarakoIMANOL FRADUA

Nahiz eta azken urteetan koronabirusaren pandemiak eragindako egoerari aurre egin izan behar dioten, Gernika-Lumoko Marijesiak prest dira euren ohiko papera betetzeko. “Gabonen aurreko bederatziurrena” beteko dabe beste urte batez, “pandemia aurreko eran” egingo dutenaren antzera. Musukoa ahaztuta, euren ahotsak erakusteko prest dira mendeetan ustraitutako ohitura errepikatzea helburu duten kantariak. Izan ere, abenduaren 16tik abenduaren 24era doazen gau guztietan euren koplekin alaituko dituzte Gabon aurreko jardunaldiak, goizaldeko 04:00etatik aurrera hasiko diren errondetan. Hamarkada luzeetan tinko mantendu den tradizioa, gaur eguneko egoerara ederki asko moldatu dena –honen adierazle argia da emakume kantarien inkorporazio eredugarria–, datozen egunetako Euskal Herriko usadio nagusien artean sar genezakeen kontua da Marijesiena.

“Gaueko errondak gaur bertan hasiko dira kalez kale danon poztasunerako gure bazterrak koplekin betetzen”, adierazi dute Gernika-Lumoko Marijesiek. Aurtengo koplen bakarlari papera beteko dute Iñaki Gonzalez, Denis Azkarate, Jose Antonio Uriarte Itxaso, Fernando Astoreka, Ane Miren Arejita eta Alex Uriarte Atxikallende berriro helduko zaizkigu, albotik talde osoa daukatela erantzule eta horrela bederatzi gauotan Gernika-Lumotik zehar ibiliko dira punta batetik bestera, ahalik leku gehienetara ailegatzeko”, zehaztu dutenez. Bakarlariak, gizon zein emakume, ”taldearen motore” direla zehaztu dute kantarien elkartetik. “Etxetik ohe epelean entzun edo kalean kantau”, ehunka gernikarrek jarraituko dituzte Marijesien kopla tradizionalak.

Belaunaldi ezberdinak batzeko kapazitatea erakutsi dute Marijesiek, hastapenetan kristautasunari errotutako kopletatik hasiak baina azken hamarkadetan laikotasunerantz hurbilduta. Gabonak heldu orduko kopletan aritzeak hasierako kutua mantendu du. Badira beste zenbait antzerako kantari Bizkaian –hurbilean, Ean, Gautegiz Arteagan edota Ibarrangelun; hurrunxeago ere, adibidez Iurretan–, badira beste zenbait izen ematen zaiena ohitura izenda-tzeko –Kebonikuak, Abenduak...– baina gernikarrek osatzen dute talderik handiena. “Gainera, aurtengoan gazteak guregana hurreratu dira, poztekoa dena. Eta oso gogotsu izan gara orain arte egindako batzerretan edo entseguetan”, diote. Eta azpimarratzekoa ere bada emakumezkoen ekarpena, natural egin dena. “ Mila de Obieta hasi zanetik –1965 inguruan– beste asko ibili dira Marijesietan gaur egun andrak eta gizonak erdiz erdi izan arte”. Horretarako hainbat izan dira katebegiak: Florita Sardui, Rosa Artola, Pili Totorika, Evita Bidaguren, Anabel Ispizua, Maitena Olabarriaga, Belen Bartolome, Merce Fernandez… “eta beste asko be asko”, diote.

Txoko Ezberdinetan

Bestetik, eta nahiz eta lehen udalerriko erdigunea baino ez zen Marijesien erronsatarako gune, gaur egun txoko guztietara hedatzea dute helburu, “ohirtua auzunetera eroan” nahi dute. “Ez bakarrik erdigunean. Nahi duguna da auzuneetara heldu”. Bada, Lurgorri –abenduaren 18an, 22an eta 24an– Errenteria –abenduaren 17an, 20an edo 23an– eta Tilo inguruan –abenduaren 19an eta 21ean– izango dira Marijesiak.

Azkenik, eta pandemia osteko gertakizunak alde batera utzita, ohiturari eusteko prest dira gernikarrak. Eta ohiturak dioenaren arabera, azkenengio errondan –abenduaren 24ko eguerdian egiten dutena– egiten den diru bilketa ekimen solidario bati egokituko zaio. Marijesien diru batuketari dagokionez, kalerik kale egiten dena, “aurton abenduaren 24an batuko dan dirua Etorkizuna Musiketan taldearentzat izango da”. Bilbon lan egiten duen elkartea –Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala inguruetan–, kulturartekotasuna eta nerobezaroa uztartzen ditu, beti ere musika lagun dutelarik eta bazterketa sozialaren kontrako borrokan dihardutelarik.

Marijesiak 2022

Errondak. Ostiralean –abenduraren 16an– hasiko dituzte Marijesiek euren errondekin, abenduaren 24ean eguerdian amaitzeko. Aurtengoan auzoetara ere hurreratuko dira, besteak beste Errenteria edota Lurgorrira. Errondak goizaldeko 4:00ak aldera hasiko dituzte, ohi legez.

Bakarlariak. Iñaki Gonzalez, Denis Azkarate, Jose Antonio Uriarte Itxaso, Fernando Astoreka, Ane Miren Arejita eta Alex Uriarte Atxikallende izango dira aurtengoan bakarlariak. Euren alboan, taldea ariko da erantzule.

Diru-bilketa

Etorkizuna Musiketan elkarteak jaso du dirua

Bilboko auzune ezberdinetan kulkturartekotasuna lantzen jarduten den Etorkizune Musiketan elkarteak jasoko du aurtengoan abenduraren 24ko errondan egingo den diru bilketa.