Amorebieta-Etxanoko Udalak 6.500.000 euroko aurrekontua bideratuko du Betarraganen kokatuko den Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko. Dagoeneko lizitaziora atera ditu eraikitze-lanak, 20 hilabeteko iraupen-aurreikuspenarekin.

Amorebieta-Etxanoko ikastetxeetako ikasle, klub eta elkarteentzat udalerrian kirola eta estalpeko jarduerak egiteko erreferentziazko zentro bat sortzea ekarriko du. Jarduera honen bidez, Udalak Amorebieta-Etxanoko kirol, kultura eta aisialdi-instalazioen eskaintza zabalduko du. Gainera, Anartz Gandiagak, Hirigintza zinegotziak azpimarratu duen moduan, proiektua garatzen gogoz lagundu dute Amorebieta-Etxanoko kirol klubek eta elkarteek.

Funtzio anitzeko eraikina

Kiroldegi berria Amorebieta-Etxanoko erdigunean egongo da kokatua, arkitekto zornotzarrek diseinatu dute eta kiroldegi berria funtzio anitzeko eraikin jasangarria izango da. Izan ere, eraginkortasun energetikoaren zerbitzura dagoen teknologiarik aurreratuenaz hornitua egongo da. Anartz Gandiaga Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, “instalazio berriek kirol-jarduera ugari hartuko dituzte, baita ekitaldi kultural eta sozio-ekonomikoak ere, hala nola, kontzertuak eta azokak, besteak beste”.

3.574 metro koadroko kiroldegia

Kirolaren ikuspegitik, Gandiagak azaldu duenez, Urgozok erabiltzaileei instalazio “zabalagoak, modernoagoak eta iraunkorragoak” izateko aukera emango die. Zentzu honetan, eraikiko den ekipamenduak 3.574 metro koadro izango ditu, eta saskibaloiko hainbat kantxa, 1.000 pertsona baino gehiagorentzako harmaila zabalak, hainbat espazio balioaniztun, bederatzi aldagela eta hainbat biltegi izango ditu.