Urtero bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak presentzia nabarmengarria izango du aurten ere bai Durangoko Azokan. Edizio honetan, foru-erakundeak berak argitaratutako ehun lan baino gehiago eramango ditu Durangora. Bestalde, lurraldeko museoek egindako argitalpenak ere jarriko ditu.

Aldundiaren argitalpenak kirolari, ikus-entzunezko arteei, naturari, mitologiari, mendiari, lanbide zaharrei buruzkoak dira, eta horietan Bizkaiaren historia deskribatzen da, lurraldeko udalerrietako hormetan itsatsitako kartelen ikuspegitatik. Argitalpenen artean, Durangoko Azokaren 57. edizioan aurkeztuko diren 8 nobedadeak nabarmentzen dira.

Argitalpenik berrienetako batzuk areto nagusian (Talaia gunea) aurkeztuko dira. Abenduaren 8an, 11:00etan, Asier Martínez de la Perak eta Aritz Arrizabalagak 'Pilotaren taupadak’ aurkeztuko dute. Abenduaren 10ean, 16:30ean, Kike Infamek eta Alex Oviedo Gonzálezek 'Hormetan: Kartelak Bizkaian’ liburua aurkeztuko dute. Abenduaren 11n, 12:00etan, Jesús Mari Arruabarrenak 'Lege zaharrean: Lanbideak galzorian’ liburua aurkeztuko du. Era berean, abenduaren 11n, 16:00etan, Javier Sánchez-Beaskoetxea Gómezek 'Gorbeiako istorioen bila: Gure mendi magikoko hamalau igoera’ liburuaren inguruan hitz egingo du. Aurkezpena amaitzean, egileak liburuak sinatzen egongo dira Bizkaiko Foru Aldundiaren standean: Barrenkale 023, 024, 025.

Foru-erakundeak editatu eta argitaratu dituen argitalpen berriak honako hauek dira: ‘SuperZirgariak’, ‘Pilotaren taupadak’, ‘Ertibil Bizkaia 2022: Ikus-arteen erakusketa ibiltaria", 'Mendietako ipuina', ‘Bizkaiko museoak pilulatxoetan’, ‘Kartelak Bizkaian’, 'Lege zaharrean: Lanbideak galzorian’, 'Gorbeiako istorioen bila: Gure mendi magikoko hamalau igoera’. Argitalpen horiek guztiak salgai egongo dira foru-erakundearen standean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren argitalpenen webgunean.