Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia delako elkarteak –Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier eskualde mailako enpresa handiek osatzen dutena–, Leartibai Fundazioarekin lankidetzan, Talentatu proiektuaren bosgarren edizioa jarri du abian orain dela gutxi. “Talentua sortu, erakarri eta mantentzeko helburuarekin”, ekimenak eskualdeetako 25 hezkuntza zentrok eta 2.000 ikasle inguruk izango dute erabilgarri, “eta zazpi kooperatiba eta hainbat enpresa eta merkatarik parte hartzea” aurreikusten da.

Talentua Sortu izenburupeko lan-ildoaren bitartez “eskualdeko ikasleak etorkizunean bertan lanean gelditzea sustatu nahi da, horiek eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz”, Leartibai Fundaziotik jakinarazi dutenaren arabera. Eta aurtengoan, “ikasturte berriaren hasierarekin, Talentatu proiektuaren 2022-2023 ikasturteko egitaraua ere martxan jarri dute” Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia elkartetik. Azaldu zutenaren arabera, “urriaren 4an proiektuaren arduradunak lehen hezkuntzako ikastetxeekin bildu ziren edizio berrirako prestatu duten jardueren zerrenda aurkezteko”. Eta hitzordu horretan zenbait kontu zehaztu zituzten.

Horrela, azken edizioetan egin dutenaren antzera, kooperatiba eta enpresetara bisitak egingo dituzte eskualde bietako ikasleek, eta enpresetako langileen hitzaldiak izango dituzte ikastetxeetan, herri trukaketak egingo dituzte –gazteenek eskualdeko beste herrietako ikasleei beraien herriko ondarea eta ingurua erakutsiko diete–, besteak beste. Baina, ohikoak diren ekimen horiez gain, berrikuntzak ere antolatuko dira bosgarren edizioaren baitan, batez ere emakume zientzialariek gaur egun egiten dutena aportazioa goraipatzeko. Hauen artean, zenbait dira etorkizun hurbilerako diseinatu dituzten ekimenak: “Lea-Artibaiko Neska eta Emakume Zientzialariak eskualdeko” erakusleihoetan izango dira ikusgai; eskualde berekoneska eta emakume zien-tzialariekin mahai-ingurua antolatuko da; eskualdeko baliabide turistiko esanguratsuenak landuko dira; eta orientatzaileei MIKekin egindako Gaurko eta biharko profilak industria sektorean izenburuko azterketa aurkeztuko zaie, besteak beste.

Zientzia Eguna

Talentatu programaren egitarauarekin bukatzeko, ikasturte amaieran Lea-Artibaiko eta Busturialdeko Zientzia eta Teknologia Eguna ospatuko da, “non ikasleek robotika, materialak, elektronika, matematika eta elektrizitatea bezalako gaiak lantzeko aukera izango duten Kooperatiben Mahaiko enpresen eta EHUko eta Leartiker zentro teknologikoko ikertzaileen eskutik”. Programaren antolatzaileek kalkulatu dutenez, “edizio honetan Lea-Artibaiko eta Busturialdeko 25 ikastetxe, 2.000 ikasle inguru, zazpi kooperatiba eta hainbat enpresa eta merkatarik parte hartzea aurreikusten da”.

Egitasmoa “hainbat hezkuntza-etapatako ikasleei” zuzenduta dago. “Lea-Artibain lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergo eta prestakuntza-zikloetako ikasleei” zuzendutakoak izango dira ekimenak, “eta jarduerak etapa bakoitzera egokituta daude. Busturialdean, berriz, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleekin landuko da, eta ikasturte honetakoa laugarren edizioa izango dute”. Laburbilduz, “STEAM –Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza, Matematikak– ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu” nahi dituzte, “eskualdeko industria-sarea ezagutu eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzea” da helburu nagusia.