Gaztedi Busturialdea ekimenaren “izaera islatu beharko” duen irudi berriaren bila dira. Horretarako, eskualdeko programak diseinatzaile eta artisten parte hartzea bilatzen du. Proiektuan parte hartzen duten hamazortzi udalerrietan (Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Foru, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta) erroldatutako “14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu dezakete” lehiaketan. Sariari dagokionez, 500 euro poltsikoratuko ditu irabazleak.

Ezarritako baldintzen arabera, “parte-hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake”. Eta norberak sortutako “lan originalak eta inoiz saritu gabeak baino ezin daitezke aurkeztu”. Lanak euskarri digitalean aurkeztu beharko dira -USB memorian edo antzekoan- eta logotipoarekin batera, egilearen identifikazio datuak aurkeztuko dira: NANaren fotokopia, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta, nahi izanez gero, logoari buruzko azalpen laburra. Lanak jasotzeko epea abenduaren 9an amaituko da.