Bermeoko Udalak parte hartuko du Euskadi Lagunkoia proiektuaren 10. urteurrenean. Horretarako, informazio-kubo ibiltari bat jasoko du astelehen honetatik, azaroak 14, hilaren 28ra bitartean.

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu eta Matia Fundazioak abiarazitako ekimena da eta bere helburua adinekoek eta, oro har, herritarrek Euskadiko udalerriak hobetzen parte har dezatela bultzatzea da, zahartu ahala nork bere bizimodua izaten jarraitu ahal izateko. Bada, ekimen honek 10 urte bete ditu eta, hori ospatzeko, hainbat udalerritan jarriko den informazio euskarria jarri da Bermeon ere.

Bermeoko Udalak proiektu hau martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen 2016. urtean eta Euskadi Lagunkoia sarera atxikitzea onartu zuen. Euskadi mailako Lagunkoi Sare horretan 70 udalerrik parte hartzen dute.

Azken datuen arabera, Bermeon 17.029 lagun bizi dira, 8.642 emakumezkoak eta 8.387 gizonezkoak. Hori horrela izanik, zahartze indizea (65 urtetik gorako biztanleak) %23,6koa da. Beraz esan daiteke Bermeo ere, zahartze prozesuan murgilduta dagoela. Zenbat eta zaharrago izan gaitasun funtzionala murriztu daiteke.

Horregatik Herri Lagunkoia proiektuaren asmoa herriak hobetzea da, zahartzen joan ahala norbere bizimoduarekin aurrera jarraitu ahal izateko. Azken batean, adineko pertsonen bizi kalitatea hobetu nahi da eta, ondorioz, baita herritar guztiona ere.

Adineko pertsonekin lagunkoia den herriak bere politika, zerbitzu, ingurune eta egiturak hobetu behar ditu pertsonen zahartze aktiboa errazteko. Herriko egiturak eta zerbitzuak egokitu behar dira, irisgarriagoak izateko eta beharrizan eta gaitasun ezberdinak dituzten adineko pertsonak kontutan hartzeko. Adineko pertsonak protagonista izanik, herritarren eta batez ere adineko pertsonen parte hartzea ezinbestekoa da proiektu honetan. Interesatuek Gizarte Ongizaterako Udal Sailera jo dezakete.