Datorren ostiralean, azaroak 11, Barakaldoko Alkartu Ikastolak Ziba Eguna ekimen solidarioaren edizio berri bat ospatuko du. Aurten egun honen hamalaugarren edizioa egingo da, eta hainbat ekintza berri izango ditu, besteak beste Marco Palma ziba jokalari profesionalaren partehartzea.
Marco Palma ITSA (Zibaren Nazioarteko Elkartea) elkarteko burua da, eta azaroaren 5etik 12ra izango da bisitan Barakaldon. Jokalaria 13 herrialde baino gehiagotan aritu da bere trebezia agertzen, eta Barakaldora ahalik eta ikastetxe gehien bisitatzeko asmoz dator, eskola-orduetan tailerrak eta agerraldiak egitera. Alkartu ikastolak hiriko ikastetxe guztiak, gizarte-kulturazko taldeak eta kultur etxeak gonbidatu ditu horietan parte hartzera.
Eskola orduz kanpo, eta Udalaren babesaz Marco Palmaren tailerra eta agerraldia gozatu ahal izango dira 17:30etik 19:00etara (astelehenean, salbu: 17:00etik 18:30era), ondorengo leku eta egunetan:
Astelehenean, hilak 7, Gurutzetan. Giltzarri eta La Cuadri del Hospi izango dira egintzan. Asteartean, hilak 8, Retuertoko Kultur Etxean, Errekaortu dantza taldearen laguntzaz. Asteazkenean, hilak 9, San Bizenteko Clara Campoamor Zentro Zibikoan. Ostegunean, hilak 10, zentro galiziarrak hartuko du lekukoa. Ostiralean, hilak 11, San Bizenteko plazan egingo da jolas tradizionalaren jaia. Amaitzeko, larunbatean, hilak 12, Herriko Plazan izango da gizarte-kulturazko animazioko Ilazki taldea, eta gura duten beste talde guztiena ere. Larunbatean, hilak 12, izango da Palmaren azken eguna, eta bat egingo du zentro galiziarraren Magostoren ospakizunarekin, 19:00etan.
Ziba solidarioen salmenta
Agerraldi guztietan salduko dira plastiko birziklatuzko ziba solidarioak La Cuadri del Hospi laguntzeko: ekimen solidarioan saldutakoaren % 33 emango zaio. Horrela, Marco Palmak bat egin du IGEren laguntzaz Ikastolak La Caudri del Hospi laguntzeko bultzatu duen ekimenarekin. Haurren minbizia ikertzeko funtsak biltzea da La Cuadri del Hospiren helburua. Jolas tradizionalaren eta Alkartu ikastolaren solidaritatearen XIV. edizioa da hau, bai eta ekintza solidarioaren V.a ere. Aurrekoetan, saldutako elastiko eta zibetan bildutakoa hainbat erakundek jaso dute, hala nola, Zaragozako haurren herrixkak, Sunu Buga Buga GKEak, Ganbiako 150 umerentzako urtebeteko gosariak, Nepalgo lurrikarak eraitsiko eskola berreraikitzeak eta Open Arms GKEak.
Belaunaldi berriei jolas eta kirol tradizionalek osatzen duten jolas-ondare immateriala transmititzea errebindikatzen du zibaren egunak. Joseba González Porras heziketa fisikoko irakaslearen eskutik sortu zen ekimena, hezkuntza erkidegoaren laguntzaz. Orain arte, ia 200 elastiko eta 200 ziba saldu dira, baina datorren 7tik 12rako astean gehiago saltzea espero da.