Síguenos en redes sociales:

Ukrainako gerrak tokiko lehen sektorean eragindako krisia arintzeko dirulaguntzak emango ditu Bizkaiak

Errusia eta Ukrainiaren arteko gerrak lurraldeko lehen sektorean eraginako krisialdi ekonomikoa arintzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak 1.350.000 euroko aurrekontua bideratuko du dirulaguntzetan banatzeko.

Laguntza hauek lurraldeko nekazaritza-ustiategietan energiaren, ongarrien, zerealen eta erregaien kostuen igoerak konpentsatzeko ematen dira eta urriaren 27an argitaratu ziren Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO).

Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoak eragindako gatazka belikoak larriagotu egin du nekazaritza-ustiategiek COVIDak eragindako krisiaren ondorioz azken hilabeteetan bizi zuten egoera; kontua da une hauetan ezaugarri nagusia animalien elikadurarako lehengaien, ongarrien, erregaien eta energiaren prezioen igoeraren ondoriozko ekoizpen-kostuen igoera jarraitua dela. Izan ere, estatistiken arabera, gerra hasi zenetik, abereentzako elikagaien, ongarrien eta gasolioaren eta elektrizitatearen prezioak % 20 egin du gora gerraren aurreko aldiarekin alderatuta, eta ehuneko hori nabarmen gainditzen da konparazioa 2021. eta 2020. urteekin egiten bada. Ekoizleek, gainera, zailtasun handiak izan dituzte kostuen igoera hori katean zehar aplikatzeko, eta, beraz, euren marjinak oso kolokan daude. Horrek guztiak arriskuan jartzen du landa-eremuetako ekoizpen-sarea mantentzea eta beharrezkoa da erakundeek esku hartzea ondorio negatibo horiek arintzeko.

Testuinguru honetan ezohiko laguntza hauek jartzen dira abian 15 azpisektore produktibori zuzenduta: sagar-ekoizleak; baratze-hazkuntza eta landare apaingarriak; mahastizaintza; esnetarako, haragitarako eta gizentzeko behiak; ardiak; ahuntzak; txerriak; untxiak; erruteko oiloak; gizentzeko oiloak; zaldiak; barraskiloak eta erlezaintza. Laguntza hauek jaso ditzaketen pertsonak dekretuarekin batera argitaratu den zerrenda batean agertzen dira; dekretuan, aldi berean, dirulaguntza horien baldintzak eta diruz lagun daitezkeen abelburuak eta azalera jasotzen dira. Pertsona horiek azaroaren 11ko 13:30ak arteko epea dute laguntza era ofizialean onartzeko edo, beharrezkotzat jotzen badute, alegazioak aurkezteko.

Dekretuak jasotzen duen bezala, dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa da onuradun bakoitzeko.