Herritarrei birziklatzearen garrantzia azaltzeko helburua duen ekimena jarri du martxan Getxoko Udalak, Algortako Geltokia plazan Garbiker elkartearen Garbigune mugikorra instalatuz. Garbigunea azaroaren 3tik 17ra bitartean egongo da bertan.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailari atxikitako enpresa publikoa da Garbiker. Erakunde honek bultzatutako kanpaina da eta Udalaren babesa du.
Zerbitzu honen helburua da birziklapenaren kontzeptua Bizkaiko herritarrentzat errazagoa eta hurbilagoa egitea. Izan ere, asmoa da ohiko garbiguneetara joateko aukera emateaz gain, udal-mugarte barruan bertan ere, udalerriko erdigunean, egin ahal izatea.
Beraz, Garbigune mugikor honek Udaleko Ingurumeneko Hiri Zerbitzu eta Ingurumen Kalitaterako Arloak aspaldi eskaintzen duen Garbigune mugikorraren zerbitzua indartuko du, udalerriko zenbait tokitan astean zehar eskaintzen dena; bere helburua da etxean sortutako hondakin arriskutsuen eta arriskutsuak ez diren tamaina ertaineko hondakinen bilketari estaldura handiagoa ematea.
Garbikerren Garbigune mugikorrean utzi daitezkeen hondakinak era askotakoak dira: elektrotresna txikiak, sukaldeko tresnak, etxeko olioa (ontzi itxietan), sakelako telefonoak, kableak, pintura eta disolbatzaileak, aerosolak, kutsatutako xurgatzaileak, toner eta tintazko kartutxoak, metalezko eta plastikozko kapsulak, pilak, CD, DVD eta kaseteak eta erradiografiak.
Udalerrian dagoen bitartean, hondakinak eguneko edozein ordutan utzi ahal izango dira bertan.
Argibide gehiago behar izatekotan, Getxoko Udalak bi komunikabide jarri ditu herritarren eskura. Alde batetik, Garbikerren webgune ofiziala, eta bestetik, 944 034 090 telefono zenbakia.