PANDEMIAREN eztanda alde batera utzita –behingoz–, lehen sektoreak egokitu beharra izan du. Edozein aktibitatek egin behar izan du, baina baserri giroak bizi izan dituen aldaketak nabarmenak izan dira, errokoak. Ekoizpen prezioen igoerak, energiaren gainkostuak, gizartearen ohituen aldaketak... lurrikara sortu dute. Eta egoer honek erabat harrapatu du landa giroko mundua. Erosketak gero eta garestiagoak dira –%40 igo direla diote– eta honek inpaktu zuzena izango du Euskal Herriko azokarik garrantzitsuena den Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenean. Ospakizun egun handia, beste behin ere lehen sektorearen termometro izango da, bere egoeraren analisia egingo duena. Orotara 293 postu izango dira udalerriko kale nagusienetan zehar, baserrietako produkturik onenak plazaratzeko. Eta ohiko ekintzarik –zesta punta partidak, bertsolariak...– ez da faltako. Beraz, ospakizun egun handiak denetarik izango du milaka eta milaka bisitari hartzeko.

Irudi bereziz osatutako jadunaldia izango da Gernika-Lumon biziko dena: Euskal Herriko lehen sektoreko ekoizleak –293 izango dira– erosleekin batuko dituen eguna da Urriko Azken Astelehenekoa. Eta bien arteko erlazio horrek udalerriko erdiguneko kaleak jendez beteko ditu, beti bezala. | FOTO: BORJA GUERRERO Y OSKAR MARTÍNEZ.

Aurrekariek Urriko Azken Astelehena jendez beteta egongo dela diote, inoiz baino gehiago. Eguraldia lagun, eta kontutan izanda biharkoa jaieguna izango dela, errekor guztiak apurtuko dituen jardunaldia izatea espero da. Gainera, izan badago azoketan ibiltzeko gogoa. Urriko Lehen Asteleheneko ikustea baino ez dago. Bi urte luzeren ondoren, orain arte ospatutako hitzorduek hala adierazi dute. Eta Gernika-Lumon jendetza espero da. Beti bezala, posturik gehien erdigunean kokatuko dira. Artekale, San Juan eta Juan Kaltzadak 130 postutik gora izango dituzte, azokaren bihotz bilakatuz. Bertatik ibiliko den odola, hala ere, herri osora hedatuko da. Erdigune parean dauden Pasealekuan edota Industrian ia ehun postu izango dira, Domingo Alegrian beste 20... Lehen sektoreraren unibertso izango da Gernika-Lumo, betiko moduan.

Urriko Azken Asteleheneko azokan izango den kalitatea ziurtatzeko ere neurriak hartu dira. Parte har-tzen duten edozein motatako ekoizleek zenbait iragazki pasatu behar izan dituzte. Lehendabizi, jardunaldian parte hartzeko gogoa azaldu behar dute ekoizleek, udaletxean egin behar duten eskaria betez. Ostean produktuek dituzten lurraldekako zigiluen txanda izaten da. Askotan hauek izaten dira gonbidapenak luzatzen dituztenak. Eta egun handia iritsita, teknikariek ere ikuskapen lana betetzen dute, aurrez markatutako legearen urraketak saihesteko. Hori dela eta, azokaren prestaketa lanak epe luzean egiten dira. Hilabete batzuk arinago hasten da Udala prestaketa lanekin, detailerik txikiena ere ondo lotzeko.

Ohiko eskema errepikatuko du Gernika-Lumoko azokak. Jardunaldiari goizeko orduetan ekingo zaio, postuen prestaketekin. Ordurako, udalerriko kaleak kotxerik gabe izango dira. Ofizialki, hala ere, goizeko 09:00etan irekiko dira ekoizleen postuak. Asko dira lehen orduetan erosketak egiteko erabiltzen duten bisitariak, geroxeago eguna trankiltasunean pasatzeko. Ordurako Gernika-Lumora heltzea ez da erraza izango. Trena erabiltzea gomendatzen dute Udaleko arduradunek, Bizkaibuseko lineak ez direlako erabilgarri izango, greba bat dela medio. Aparkalekuak izan baditu udalerriak –batez ere Ibarrako gune industrialean kokatutakoak–, baina kotxe alde batera uzteko deialdia luzatu dute antolatzaileek, garraio publikoaren aldeko defentsa eginez. Goizean beste zenbait gozagarri izango dira, besteak beste Merkurio inguruan jartzen den eszenatokian izango den eguerdiko bertso saioa eta azokako gazta erdi onena izendatzen den osteko enkantea.

Hitzordu berezia, oraingo honetan Jose Antonio Bastegieta Marko ospetsuak kale egingo dio enkantean aurkezle lanak egiteari. Ondoko Kortezubi udalerriko alkate izan zenak ezin izango ditu apustu egiten dutenak berotu. Hala ere, enkanteak izugarrizko zenbakiak izango ditu. Azkenengoz azoka izan zenean, 2019an, 6.600 euro ordaindu zituen Patxaran Zokok, eta beste 400 Lezika jatetxeak. Lortutako diru guztia Calzada Egotetxearentzat izan zen. Gazta onena izendatzeaz arduratuko direnak punta-puntako sukaldariak izango dira, besteak beste Yandiolako Ricardo Perez, Jauregibarriako Beñat Ormaetxea. Zortziko jatetxeko Daniel Garcia, Zallo Barriko Neskutz Aranzabal edota Boroako Jabi Gar-tzia.

Parte hartzaileak

Sariak ere banatuko dira orduantxe. Ospe handia dute Urriko Azken Asteleheneko sariak, batez ere, Euskal Herriko sektorearen adierazle direlako. Ekoizleen zerrenda honakoa da: artisauak 50 izango dira –batez ere Pasealekuan kokatuko dira–, ahatekiak zazpi, esnekiak bost, eztiak bost, gaztak 37, frutak bost, kontserbak 11, lorak bost, ogia eta euskal pastela 24, ortuak eta bazkariak 27, sagardoa zortzi, txakolia 18 eta azkenik, denetarikoak 28. Txosnak ere ibilbidean izango dira, udalerriko kirol elkarteek urteroko aurrekontuak betetzeko erabilgarri izango dituztenak. Jaiegunean zehar geldialdia egiteko parada ematen duten oasiak izango dira, bapo jan eta edateko gune bereziak, beti ere taloa izango delarik produktu nagusia.

Arratsalde parterako geratukodira zesta partidak –Winter Series delako txapelketari ekingo zaio orduan– Jai Alai frontoian. Eta ordurako jada goiz partean izandako termometroak gradu gutxiago markatuko ditu. Salerosketak eginda, eta sektorearen egoeraren argazkia eginda, balorazioak egiteko unea helduko da. Orduantxe ikusiko da ea Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenak aldez aurretik dituen aurreikuspen positiboak betetzen dituen.