Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta azken bi edizioak bertan behera utzi behar izan ondoren, durangarrek San Faustoak normaltasun osoz ospatu ahal izan dituzte aurten azkenik. Orain, amaitu berri diren jaien balantzea egitea dagokio Udalari.
Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak, Durangoko Udalaren izenean, eskerrak eman nahi izan dizkiete “durangarrei eta egunotan gure herriaz gozatzera etorri direnei Sanfaustoen ospakizunean izan duten jarreragatik”.
Adierazpen hauek urriaren 12tik 23ra ospatu diren herriko jaiak amaitu ondoren egin dira. Azken bi asteetan Durangon bizi izan den jai giro bikaina azpimarratu dute: “Azken bi urteen ondoren, durangarrok horrelako jaiak merezi genituen. Egun ederrak izan dira guztiontzat, eta hori posible izan da guztion artean erakutsi dugun gizalegeari eta errespetuari esker”, adierazi dute Garrastatxuk eta Riosek.
Durangoko Udalak herriko kultur eragileen partehartze handia eta lan eta konpromiso handia nabarmendu nahi izan ditu. Udal arduradunek San Faustoetan ospatu diren 170 ekitaldi ingurutan bizi izan den “alaitasuna eta jai giro bikaina” azpimarratu dute, berrikuntzak barne, goitibeheren jaitsiera edo herriko auzo ezberdinetako ekitaldiak kasu. “Ekitaldi kopuruak nabarmen gora egin du, eta, horri esker, gune ireki ahal izan dira jaiak”, udal arduradunek azaldu dutenez.
Garbiketa zerbitzua indartzea
Era berean, Garrastatxuk eta Riosek Udaleko arlo guztietako langileek egindako lana baloratu dute. Erronka nagusietako bat herriko jaietako gune nagusien garbiketa zerbitzua handitzea izan da. Horretarako, Durangoko Udalak garbiketa indartu du 228 langileren bidez, hau da, 2019an jaietan eskaini zen zerbitzua baino %54 gehiago.
Zentzu horretan, alkateak eta alkateordeak “modu positiboan” baloratu dute garbiketa zerbitzuen emaitza. “Oso gogor egin dute lan gau girotsuen ostean egunero kaleak garbi aurkitu ahal izateko”.
Herritarren kontzientzia erasoen aurka
Indarkeria matxistari dagokionez, Udalak oraingoz ez du erasoren baten berririk jaso. Garrastatxuk eta Riosek indarkeria matxistaren aurkako kontzientziazio gero eta handiagoa nabarmendu nahi izan dute: “Gero eta gehiago gara gaitz honen aurka altxatzen garen durangarrak, baina lanean jarraitu behar dugu behingoz desagerrarazteko”.
Aldi berean, alkateak eta alkateordeak positibotzat jo dituzte emakumeen elkarte eta kolektiboei aurkeztutako Indarkeria Matxistaren aurkako Protokoloa eta Dekalogoa. Dekalogo hori hostalaritza establezimendutan eta jai gunetan banatu da. Gainera, aurten Durangoko Udalak eraso sexisten aurkako arreta eta informazio zerbitzua aurkeztu du. Telefono zenbaki horrek ez du deirik jaso.
Beste jai eragile batzuekiko lankidetza
“Aurtengoa urte desberdina izan da. Esan dezakegu gobernu talde gisa kontzienteki prestatu ahal izan ditugun lehen San Faustoak izan direla, eta berrikuntzak txertatzen saiatu gara. Horietako bat oso sinbolikoa izan da: lehenengo urtea izan da Patxikotxuk eta Pantxikek txupinazoan parte hartu dutena udaletxeko balkoitik. Txosna Batzordearekin batera egin dugun elkarlanaren sinboloa da, osatzen duten elkarte eta kolektiboekin batera egindako lana, eta emaitzak merezi izan duela uste dugu”, Garrastatxu eta Riosek azaldu dutenez.
Gainera, lehen jai jarduerarik egiten ez zen zonalde eta auzo berrietara ekitaldi gehiago irekitzeak eragin duen ilusioa azpimarratu dute. “Datozen urteei begira, norabide horretan lan egiten jarraituko dugu, durangar guztiok jaien parte senti gaitezen, erdigunean edo kanpoaldean bizi arren”.