Getxoko Muxikebarri zentroak ekitaldi berezi bat jasoko du urriaren 25etik 27ra bitartean, hiru egun horietan eCivisek Getxoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatutako 'Bauhausetik SDGetara' izeneko jardunaldiak jasoko baititu.
Hiri eta herri jasangarriago eta atseginago eraikitzeko helburuarekin, 18:00etatik 21:00etara izango diren saioetan alor publikoko erakunde, enpresa eta hirugarren alorreko hainbat entitatetako ordezkarik hartuko dute parte, horiek guztiak ekologian, inklusioan eta ongizate sozialean adituak, besteak beste.
New European Bauhaus ekimen sortzaile eta diziplinarteko bat da, etorkizuneko bizimoduak diseinatzeko topagune bat irekitzen duena eta artea, kultura, gizarteratzea, zientzia eta teknologiaren arteko bidegurutzean kokatzen dena. Horri buruz hitz egiteko, New European Bauhaus Awards sarien 2021eko edizioan saritutako 8 proiektuetatik 4k parte hartuko dute ekitaldian.
Egitaraua
Lehen egunean, urriaren 25ean, Ingurune jasangarria sortzeko aliantzak lelopean, hurrengoek hartuko dute parte: Carmen Díaz, Getxoko Udaleko Gizarte Kohesioko zinegotziak, Asier Aranbarri, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntzako zuzendariak eta Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak.
Asteazkenean, urriaren 26ko gaia Sormena eta diseinua gizarte kohesiorako zerbitzura izango da honako hauekin: David Juárez arkitektoa, Siro Santos, la Fábrika Communityko kidea; Lara del Valle paisaia arkitektoa, eta Asier Santas, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako proiektuen eta hirigintzako saileko zuzendaria.
Azkenik, urriaren 27an, gaia Europako Bauhausen berrikuntza SDGen zerbitzura izango da. Partaideak Camila de Epalza Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Ekintza eta Europako Gaietarako teknikaria; Leire Rodriguez, Ulia Garden ekimeneko kidea; Lourdes Mirón, Jovesolideseko presidentea, eta Alessandro Rancati arkitekto eta diseinatzailea.
Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute 620237036 telefono zenbakiaren edo info@ecivis.eus helbidearen bitartez.