Hasi berri dira aste honetan Elorrioko egoitza bizikidetza-unitate bihurtzeko lanak, zentroa bizikidetza-unitateetan antolatzeko helburuarekin, arreta pertsonalizatuagoa, komunitateari irekiagoa eta laguntza behar duten pertsonen premia, nahi eta igurikimenei erantzuna emango diena, betiere pertsona horien eskubideak eta identitate biografikoa errespetatuz.

Zehatzago esanda, Elorrioko egoitza bi bizikidetza-unitatetan egituratuko da, eta horietako bakoitzak gehienez 25 pertsona hartuko ditu. Horrela unitate bakoitzak 22 logela (19 banako gela eta 3 gela bikoitz) eta bizikidetza-eremu komunak izango ditu, egoiliarrek euren bizitza-proiektuarekin jarraitu ahal izan dezaten etxe baten antzeko ingurune batean.

Obra-prozesu mailakatua eta segurua

Obren lehen fasean, eraikina osatzen duten bi solairuetako aretoak berrituko dira, espazio komun handiagoak egokitzeko, esparru horien egungo neurriak ia bikoiztu arte. Areto berriei etxeko sukalde irekia, jantokiarekin integratua, eta komun berriak zuzkituko zaizkie.

Zentroa egokitzeko eta hobetzeko obrak pixkanaka egingo dira, bertan bizi diren pertsonekin eta profesionalekin egin behar direlako, zentroan bizi eta lan eginez. Ildo horretatik eragin ditzaketen kalteak minimizatzeko beharrezko neurri guztiak hartuko dira. Izan ere, lehen fase honetan, obrako langileek ez dute zirkulatuko zentroko ohiko sarbide eta korridoreetatik, eta sarbide espezifikoak jarriko dira leihate batetik, erabiltzen jarraituko den egoitzako sarrerak saihestuz. Aurreikuspenen arabera hasierako eta prestaketa-fase hau amaituta, lehenengo bizikidetza-unitatearen obrak datorren urteko lehen erdian hasiko dira, eta, amaitutakoan, bigarrenarenak eta eraikinaren kanpoko beste berrikuntza batzuk hasiko dira.

Kalkuluen arabera zentroa bizikidetza-unitate bihurtzea 2025. urtearen hasieran amaituko da, 4,5 milioi euroko kostuarekin.

Bizkaiko Foru Aldundia iraupen luzeko zainketen eraldaketa bultzatzen ari da, aniztasunarekiko arretan eta bizi-proiektua garatzeko laguntza behar duten pertsonen beharrizan, itxaropen eta lehentasunen bilakaeran aurrera egingo duen pertsonalizaziorantz.

Bizikidetza-unitateak aurreikusita eta jasota daude egungo araudian (EAEren esparruan 126/2019 Dekretuaren 24. artikulua), eta foru erakundea bultzada hori gauzatzen ari da politika publikoko hainbat tresna abian jarrita, hala nola bizikidetza-unitateak arautzen dituen Foru Dekretua (BAOn argitaratua 2021/08/31n) eta iazko uztailetik bizikidetza-unitateak plazen itunetan sartuz. Jakina, zuzeneko kudeaketako adinekoentzako zentroak ere, Elorrioko hau kasu, Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizio Planaren ardatz eragileetako bati erantzuten dioten neurrien multzo horren barruan daude.