Bi urte benetan zailak igaro ostean, koronabirusaren pandemia dela eta, Galdakaoko Udalak Santakurtzak berreskuratu egingo ditu aurten. Jendeak gogo izugarriak ditu azkenik jaiak gozatu ahal izateko, eta Udalak giro bikain horrekin bat egin nahi du. Horretarako, zapiak banatu egingo dira jaietako lehenengo egunean.

Kuadrodunak dira jaietarako egin diren zapiak; arrantzale motakoak, kalitatezkoak, eta Galdakaoko Santakurtzei erreferentzia egiten dienak. Ondorengo urteetako jaietan ere erabili daitezen, urterik ez dute zehazten; berreralpenaren aldeko apustua egin du horrela Udalak. Galdakaoko Udalak Jai Batzordearekin eta Txosnen Kolektiboarekin elkarlanean banatuko ditu datozen ordu eta egunetan. Bi urte Santakurtz festarik gabe igaro ondoren ondo pasatzeko irrika nabari da, eta horixe aldarrikatu eta zabaldu nahi dute zapiek ere: guztiok ondo pasatzeko nahia.

Honela banatuko dira zapiak:

  • Jaiei hasiera emateko kuadrilen desfilean parte hartuko dutenei emango zaie zapia lehenik, gaur, parte hartzea eskertuz
  • Txupinazoaren ondoren, gaur iluntzean, txosnetan
  • Udaletxean, astelehenean, 11:00tatik 14:00etara
  • Adinekoentzako bazkarian, ostegunean

Programei dagokienez, etxeetako buzoietan banatu dira dagoeneko, eta, norbaiti iritsi ez bazaio, udaletxean zein Torrezabal kultur etxean daude eskuragarri. Digitalki, galdakao.eus webgunean ere ikusi eta deskargatu daiteke programa, Santakurtzetarako espresuki banner bidez sortu den gunean.

Honako informazioa egongo da Udalaren web orrian, gune horretan:

  • Jaietako programa
  • Programazioa, multzoka banatuta: kontzertuak; antzerkia; haur eta gaztetxoentzako ekintzak; adinekoentzako programazioa eta zerbitzuak; txapelketa gastronomikoa.
  • Kuadrillen arteko txapelketa: probak eta puntuazioak
  • Autobus zerbitzuari buruzko informazioa
  • Abisuetarako gunea

Karteletan zein hedabideetan ipinitako QR kodeen bidez ere ikusi ahalko da programazio osoa.