Galdakaoko Udalak ezagutzera eman ditu gehien itxarondako Santakurtzetako pregoilaria (Vidal Salcedo mediku erretiratua) eta txupinera (Iraide Arrabi, Patxiku kuadrillako kidea). Pregoilaria galdakaoztarrek aukeratu egin dute euren botoen bitartez.
Bi izendapenak gaur egin den prentsaurrekoan iragarri dira, zeinean, Vidal Salcedo bera, Patxikuko Iraide Arraibi, Angel Ezkurra eta Irantzu Agirregoikoa Jai Batzordeko kideak, Amets Iturbe jaietarako zinegotzia eta Iñigo Hernando alkatea egon diren. Pregoilariak eta txupinerak bina zapi jaso dituzte alkatearen eta Jai Batzordearen eskutik. Oroigarri gisa gordetzekoa bat, eta jaietan lepoan jartzekoa bestea. Herriaren eta jaien ordezkari izateko aukeratuak izan diren heinean, aitortza egin nahi izan diete bereizgarriarekin.
Alkateak berretsi du “pozgarria” dela bi urteren osteko etenaren ostean berriz ere jaiak ospatu ahal izatea, “denontzako jaiak” izateko lanean ari direla, eta gero eta zabalagoak izan daitezen espazio berrietara ere eramango direla. Horren erakusle da Juan Bautista kaleko 27. zenbakiaren pareko plaza. Bertan kale antzerkia egongo da aurten eremu berri gisara, eta bertan egin dute prentsaurrekoa Udaleko ordezkariek, Jai Batzordekoek eta pregoilariak zein txupinerak. Orotara, kale animaziorako 77 ekitaldi izango dira Santakurtzetan (antzerkia, txistulariak, trikitilariak…).
Amets Iturbe Jaietarako zinegotziak egitarau “erakargarria, potentea eta askotarikoa” ziurtatu du, publiko guztientzakoa. Kale animazioez gain, ez dira faltako kirol eskaintza oparoa, lehiaketa gastronomikoak eta kontzertuak (17). Egitaraua osorik ondorengo estekan dago ikusgai: