Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta azken bi edizioak bertan behera utzi behar izan ondoren, Galdakaok Santakurtzak ospatu ahal izango ditu aurten berriro. Udalak aste honetan aurkeztu egin du jaietako programazioa.

Iturbek ere “jai inklusiboak eta mundu guztiarentzako irisgarriak” izango direla adierazi du, horregatik aurten ere auzoen arteko autobusa egongo da ostiraletako eta larunbatetako gauetan (01:00tik 07:00etara orduro, Juan Bautista Uriarteko autobus geltokitik) eta horretaz gain, Arratia alderako gautxoria ere martxan egongo da. 

Gainera, Pentsiodunen Mugimenduak, kuadrillen eta herriko boluntarioekin laguntzarekin, jaietako hainbat ospakizunetara lagunduta joateko aukera emango die pertsona nagusiei, Alkarbatera egitasmoari esker. Zerbitzua eskatzeko 688 830 480 telefonora deitu behar da irailaren 7ra arte. 

Ostiralean egin den prentsaurrekoan, egitarauaren inguruko nondik norakoak emateaz gain, aurtengo pregoilaria eta txupinera aurkeztu dira. Bertan izan dira biak, eta hitza hartu dute. Vidal Salcedok nabarmendu du eskertzekoa dela herriak eman dion ohorea eta gaineratu du Galdakaok eman dion guztiarekin “aberastua” sentitzen dela. Iraide Arraibik, aldiz, adierazi du gogotsu dagoela: “Poztekoa izan da, gogo handia dugu; ohorea da”. Gaineratu du, kuadrillen arteko pike sanoa eta eraso gabeko jaiak nahi dituela. 

Kuadrillak, jaietako ardatz

Egitarauko proba eta ekintza batzuk (35 guztira) Kuadrillen arteko lehiaketaren parte izango dira. Hori horrela, lehiaketan parte hartzen duten kuadrillek derrigorrezkoa izango dute jaien hasierako desfilean parte hartzea, Angel Ezkurra Jai Batzordeko ordezkariak azaldu duenez. Bestelako probetan parte hartzea ez da derrigorrezkoa izango. 

Probetan parte hartzeagatik banatzen diren puntuez gain, sailkapenaren arabera ere puntuak banatuko dira: 

  • 1. postua: 25 puntu
  • 2. postua: 20 puntu
  • 3. postua: 15 puntu
  • 4. postua: 10 puntu
  • 5. postua: 5 puntu

Egunero emango da proben emaitzen berri 14:00etatik aurrera, Galdakaoko Udalaren web-atarian eta Torrezabal Kultur etxeko ateetan. Proben emaitzekin konforme ez dauden kuadrillek erreklamatzeko aukera izango dute galdakaokokuadrillak@gmail.com emailean, betiere, emaitzen berri jakin eta hurrengo eguneko 10:00ak arte egiten bada. 

Txapelketako sailkapeneko lehengo 15 kuadrillak honako sari hauek irabaziko dituzte:

  • 1. postua: 800€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
  • 2. postua: 700€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
  • 3. postua: 600€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
  • 4. postua: 500€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
  • 5. postua: 400€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
  • 6. postua: 300€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
  • 7. postua: 200€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
  • 8. postua: 100€ + 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
  • 9. -15. postuak: 10 tiket Kuadrillen bazkarirako
  • Kuadrillen bazkaria irailaren 24an egingo da Kurtzeko plazan. 

Azkenik, Iñigo Hernando alkateak eskerrak eman dizkio Jai Batzordeari, urtean zehar egindako lanarengatik, eta nabarmendu du Galdakaoko jaiak, “kolektibo eta erakunde ezberdinen sinergiari esker” direla posible.