Migrazioen arrazoiak azaltzeko programa emango dute eskualdean
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak herriz herri eskainiko ditu
Hainbat urtetan bost kontinenteak ikasgai nagusi izan ostean, oraingoan Pertsona guztiak mugitzen gara izenburupeko programa izango dute eskualdeko udalerrietako hainbat umek datozen hilabeteetan. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak garatutako programak “migrazioen arrazoiak” ezagutarazi ditzaten du jomuga, jolasen bitartez eskualdearen errealitatea jakinarazi dezaten. Izan ere, kultur-aniztasuna gure artean den zerbait da: egunerokoa da Busturialdeko populazioa 73 herrialde ezberdinetako auzokidek osatzen dute gure biztanleriaren % 9,5a eta Gernika-Lumon %12,4a.Nabarmendu dutenaren arabera, “aurten azpimarratu nahi dugu migrazio-mugimenduak ez direla gauza berria eta gogorarazi nahi dugu ezen, beste herrialde batzuetako pertsonak gure auzo eta herrietan etorkizun hobea bilatzera iritsi diren bezala, lehen gure aitona-amonek egin behar izan zituztela maletak Estatu Batuetara joateko edo Gaztelako eremuetatik hona etortzeko”. Horretarako, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskualdeko ludoteketan garatuko den Pertsona guztiak mugitzen gara programa antolatzen du. “Kulturartekotasunean sentsibilizazio lana egitea da gure helburua, 6-10 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta eskualdeko ludoteketan egin da azken hamabi urteetan”. Lehen edizioetan bost kontinenteak izan ziren programaren ardatz nagusia eta 2017tik 2020ra arte munduko ipuinak izan ziren ekimen ezberdinak garatzeko aitzakia. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzaren diru-laguntza baten bidez garatzen da. “Umeek, jolasen bidez, migrazioak zergatik sortzen diren ulertuko dute”, laburbiltzen dute.
Jolasen bitartez
Diotenez, programaren bitartez hainbat izango dira espresuki umeentzat antolatutako jolasak. Besteak beste, “migrazioaren oka jolastuko dugu: betidanik pertsonak mugitu gara leku batetik bestera; mundua mapetan beste modu batez ikusiko dugu; kartel lehiaketa antolatuko dugu; eskualdeko mugimenduak ezagutuko ditugu: Torotik (Zamorako herria) Gernikara eta Busturialdetik Far Westera; kalean galdetuko dugu gai honi buruz eta bideo bat grabatuko dugu”. Printzipioz, herri bakoitzean hiru orduko lau saio egingo dira, “baina saioak, datak eta ordutegiak herri bakoitzaren antolaketaren arabera moldatuko ditugu”.
Osatutako egutegiaren arabera, lehen saioak Arratzu eta Nabarnizen hasiko dira Aste Santuan, “gero, urtean zehar, beste herri batzuetara zabalduz. Izen-ematea udalerri bakoitzean egingo” dela aurreratu dute eskualdeko 17 herri -Bermeo ezik, Urdaibaiko beste guztiak- bere baitan batzen dituen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik. Helburua argigarria da: kultur-aniztasunaren erpin guztiak erakustea. Oraintsu erakunde berak argitaratu duen txostenaren arabera, “ beste herrialde batzuetako 2.493 pertsona daude erroldatuta, biztanle guztien %8,4 alegia. Espainako nazionalitatea jaso duten atzerritarrak kontuan hartzen badira portzentai handiago dugu (%9,5); Euskal Autonomia Erkidegoan (%11,1) eta Estatuan (%15,4) dagoenarekin konpartuz gero baxuagoa da”.
Egoera honen aurrean eta bizikidetza sustatzeko asmoarekin, aspoalditik, “2009tik eskualdeko udaleku eta ludoteken bitartez gara-tzen da kultur arteko sentsibilizaziorako programa hau umeei zuzendutakoa”.
Umeen
“Kulturartekotasunean sentsibilizazio lana egitea” da erakundearen helburua, 6 eta 10 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta eskualdeko ludoteketan egin da azken hamabi urteetan.
Udalerri
Busturialdeko udalerri bakoitzean hiru orduko lau saio egingo dira, baina diotenaren arabera, “saioak, datak eta ordutegiak herri bakoitzaren antolaketaren arabera moldatuko ditugu”. Lehen saioak jada egutegian ezarri dituzte: Arratzu eta Nabarnizen hasiko dira Aste Santuan.