Síguenos en redes sociales:

Hiru urtekoa eta 530 milioi eurokoa

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek erakunde arteko inbertsio plan bat jarri dute martxan

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek erakunde arteko inbertsio plan bat jarri dute martxanBFA

Gaur, martxoak 30, hiru urteko eta 530 milioi euroko erakunde arteko inbertsio plan bat jarri dute martxan Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiek.

Lehendakariak, Iñigo Urkulluk, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek, Ramiro Gonzálezek, Unai Rementeriak eta Markel Olanok, Euskadiko Inbertsio Estrategikoen Plana 2022-2024 aurkeztu dute, erakundeen arteko lankidetzan eta inbertsioaren aldeko apustuan oinarrituta dagoena. Bizkaiko Foru Aldundiak 48 milioi euroko ekarpena egingo dio zenbateko horri (ikusi erantsitako dokumentua).

Ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, adierazi du erakundeek batera egindako lana funtsezkoa izan dela plana garatu ahal izateko, zeinak honako xede hau duen: "jarduera ekonomikoa sortzeko inbertsioak egitea, gure herria hobetzea eta bertan bizi diren pertsonek krisia errazago igaro eta bizi-kalitate hobea izan dezatela".

Era berean, azpimarratu du inbertsio plan horren bidez indartu egingo dela aldundiak gaur arte egin duen lana Bizkaiak beharrezko dituen lau trantsizio handietan aurrera egiteko: zaintza-sistemaren trantsizioa, sistema digitalarena, mugikortasunarena eta trantsizio energetikoa.

Esparru horiei dagokienez, erakundeen arteko planak, besteak beste, honako inbertsio hauek barne hartzen ditu: Bizkaian adinekoak zaintzeko erreferentziazko zentro soziosanitario berriak garatzeko inbertsioak, errepide adimendunetan egin beharreko inbertsioak eta hidrogenoaren korridorearen ezarpena.

Horrez gain, Rementeriak nabarmendu duenez, plan horri lotuta, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren arteko elkarlanak beste inbertsio garrantzitsu batzuk egitea ahalbidetu du, hala nola metroa Galdakaoraino eta Usansoloko Ospitaleraino iristea edo zonalde estrategikoetan eta eskualdeka hainbat inbertsio egitea.