Etxebarriko gazteak elkarlanean aritu dira Ukrainari laguntzeko
Talkako gazteak eta San Antonio Parrokiako etxean hartutako etorkinak laguntzen aritu dira
Ukrainako herriarekiko elkartasun ekintzak ugaritzen ari dira. Euskal Herriko herri askotan behar handiko produktuen bilketak antolatu dituzte Ukrainara bidaltzeko. Etxebarrin, gazteek ere parte hartu dute antolatutako bilketa handian. Kanpaina honetan 100 boluntario baino gehiagok parte hartu dute, Talkako gazteak eta San Antonio Parrokiako etxean hartutako etorkin gazteak, besteak beste. Joan den martxoaren 4an, Ukrainako egungo gerraren egoera izugarriaren aurrean, Etxebarriko Udalak, Ukraina Euskadi Elkartearekin batera, herri ekimen bat egituratu zuen, Ukrainako herriari laguntzeko materialak biltzeko. “Hasiera batean, kanpaina honek martxoaren 11ra arte (ostirala) iraungo zuen, baina epea laburra izan zitekeela ikusita, hurrengo ostiralera arte (hilak 18) luzatu zen”, azaldu dute Udaletik.Historikoki, “Etxebarri oso herri solidarioa izan da, eta aurretik antolatu diren laguntza biltzeko kanpainetan erakutsi du hori”. Beste behin ere, Etxebarriko herritarrak buru-belarri aritu dira Poloniara iristen ari diren errefuxiatuei laguntzeko materiala entregatzen. Guztira, “7 pallet jaso dira, eta horietatik 24 kaxa arropei dagozkie (lo-zakuak, mantak eta arropa termikoa), 69 elikadurari, 70 higieneari, 13 babes-tresneriari eta materialari eta 50 lehen sorospenei. Laguntza hori guztia asteartean irtengo da Poloniako mugarantz”. Garrantzitsua da azpimarratzea, halaber, 100 boluntario baino gehiagok parte hartu dutela, eta horien artean, Talkako gazte taldeak eta San Antonio Parrokiako etxean hartutako etorkin gazteak. Udalak nabarmendu egin du gazteek emandako laguntza hori, bilketan lagunduz egoera horren aurrean ere murgildu baitira.
Gehien eskatzen ziren materialen artean janari lataratua, higiene pertsonaleko gaiak, zakuak eta esterillak, material elektrikoa, tresneria, haurtxoentzako gaiak, arropa termikoa eta material medikoa zeuden. Bigarren astetik aurrera, gehien behar zenaren alde eskatutako artikuluak murriztu egin ziren.
Laguntza
Aipatu behar da “oraindik ere parte har daitekeela kanpainan”, garraioaren kostuarekin lagunduz, kontu-zenbaki honen bidez: ES48 2100 4285 1722 0014 9314. Udaletik “eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten elkarteei eta, jakina, Transportes José Acebedori laguntza Poloniaraino eramateagatik”. Baita etxebarritar guztiei ere, “beren aletxoa eman behar izan dutelako, ahal den neurrian, ia jarritakoarekin etxea utzi behar izan duten pertsonen egoera tamalgarria arintzeko”.
Ekimen solidario honi esker, beharrezko elikagai kilo asko biltzea lortu da, baita toki seguru baten bila Ukrainatik irteten diren pertsonek behar dituzten gaiak ere. Izan ere, hotzari aurre egiteko arropa ere behar dute, baita eguneroko bizitzan lagun diezaieketen beste objektu batzuk ere, higiene pertsonaleko gaiak, adibidez.