Getxok bat egingo du larunbatean Planetaren Orduarekin
Datorren larunbatean, martxoak 26, Getxoko Udalak bat egingo du, urtero bezala, mundu osoan zehar naturaren defentsarako ospatuko den Planetaren Orduarekin. Ekimen honekin, Udalak naturarekin daukan konpromisoa aldarrikatu nahi du.
Naturaren aldeko Mundu Fondoak (WWF) sustatutako ekimen horrek estatuko ehunka udal, enpresa eta erakundeen laguntza du. Aurrekoetan bezala, Udalak Andrés Isasi Musika Eskolako argiak, Areetako eta Arrigunagako hondartzetako paisaia-luminariak, Evaristo Churruca kaiko argi apaingarriak eta Portu Zaharreko zelaigunekoak amatatuko ditu ordubetez, larunbateko 20:30etik 21:30era.
WWFren arabera, “2022ko edizioa une bereziki garrantzitsuan gertatuko da; izan ere, gobernuen eta erakundeen aliantza batek, WWF besteak beste, anbizio handiagoa eta premiazko ekintza bat eskatzen du 2030erako naturaren galera gelditzeko eta iraultzeko. Izan ere, Planetaren Ordua igaro eta aste batzuetara, munduko liderrak Nazio Batuen Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmenaren COP15ean bilduko dira, naturarako hurrengo hamarkadako ekintza-plan berri bati buruz erabakitzeko. Mundu osoan urte luzez lan egin ondoren, trantsizio ekologikoa abian da, gobernuak, hiriak, enpresak eta herritarrak naturaren eta klimaren alde mobilizatzen baitira. 2022an are garrantzi handiagoa hartuko du One Health kontzeptuak, pandemiaren ondoren, gero eta nabarmenagoa delako gizaki osasuntsu gisa bakarrik bizi gaitezkeela hala dagoen planeta batean”.
Udalak gonbitea luzatzen die getxotarrei naturaren aldeko ekintza honekin bat egin dezaten. Kanpainan parte hartzeko, eman ezazu izena honako esteka honetan.