Milioi bat euro baino gehiago bideratu egingo ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak hasi berri den urte honetan lurraldean desgaitasunen bat duten pertsonei laguntza eskaintzeko. Horrez gain, haiek gizarteratzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdi publikoa onetsi ditu.

Deialdiaren zenbatekoa milioi bat eurotik gorakoa da, eta desgaitasunen bat duten pertsonak (bai eta haien senideak ere) ahalduntzea du helburu, autonomia pertsonalerako, bizitza independenterako eta komunitatean parte hartzeko ahalik eta gaitasun gehien gara ditzaten. Deialdia Gizarte Ekintza Sailak hurrengo ekitaldian desgaitasunen arlora bideratuko duen diru kopuruaren barruan dago; orotara, 90 milioi eurotik gora bideratuko ditu gainera.

Modu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak, gizarte erakundeen laguntzarekin, talde horrentzako arreta, laguntza eta sustapenean erantzukizun publikoa duen agente instituzional gisa, Bizkaian eremu horretako politikak bultzatzen ditu —elkarrekin autonomiarako eta bizimodu independenterako baldintza eta erantzun hobeak sortzeko ikuspegitik— eta desgaitasunen bat duten pertsonen eta haien senideen parte hartzea sustatzen du.

Horrela, dirulaguntza horien xedea da desgaitasuna duten pertsonei arreta ematera eta horiek gizarteratzera zuzendutako ekimenak egitea honako hauen bidez:

  • Elkarte jarduneko programa: entitateek jarduketa programak garatze aldera oinarrizko eta ezinbesteko egiturei eusteko beharrezko ekintzak sustatzeko.
  • Aisialdia eta astialdia: desgaitasunen bat daukaten pertsona horiek aisialdiaz gozatzea erraztea, honako hauen bidez: asteburuetako irteerak, eguneko txangoak edo asteroko aisialdi-klubak, besteak beste.
  • Sentsibilizazioa eta hedapena: gizarteari informazioa ematea eta gizartean sentsibilitatea sortzea desgaitasun egoerak dakartzan gizarte, afektu eta familia ondorioei buruz, haren normalizazioa lortzeko.
  • Esku hartze eta laguntza espezializatua: profesionalek zuzendutako ekintzak, desgaitasunen bat daukaten pertsonen garapena indartzeko, banaka zein taldeka.
  • Kultura sustatzea: desgaitasunen bat duten pertsonen giza eta kultur sustapena bultzatzeko asmoz egiten da, arautu gabeko berariazko prestakuntzaren bidez.

Epea datorren urtarrilaren 18an hasiko da eta erakundeek hogeita hamar egun natural izango dituzte eskaerak aurkezteko. Eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira.

BIZITZA AKTIBOA ETA AUTONOMOA KOMUNITATEAN

Dirulaguntza horiek desgaitasuna duten pertsonen parte hartzerako eta bizi kalitaterako planean (2021-2023) jasotako konpromisoak lortzera bideratuta daude. Plana foru erakundearen eta desgaitasunen bat duten pertsonen elkarteen eta haien senideen artean eraiki da, eta helburu du baldintza egokiak sustatzea desgaitasunen bat duten Bizkaiko pertsonek ahalik eta autonomia pertsonal handiena lor dezaten, gizarteratzeko eta parte hartze aktiboa izan ditzaten, bai eta mendetasun egoerei aurrea hartzea eta aukeratutako bizitza independentea ahalbidetzea sustatzea ere, laguntza pertsonalizatuen sare bat hedatzearekin batera.