Ostiral honetan, azaroak 26, Bizkaia Aretoaren hamargarren urteurrenaren ospakizuna egin da.

Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak ekitaldiari hasiera eman ondoren, Juan Ignacio Pérez Iglesias Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari eta erakundeko errektore ohiak hitzaldi bat eman du honako izenburupean: «Bizkaia Aretoa, munduari irekitako leihoa»; Xabi Paya eta Onintza Enbeita bertsolariek eta EHUalumniko kideek bertso eta testu idatzien bidez parte hartu dute, eta EHUorkestrak Mozart, Haydn eta Beethovenen piezak interpretatu ditu. Ekitaldia baliagarria izan da Bizkaia Aretoak urte hauetan gauzatutako jarduera bizia eta Bilboko bizitza sozial eta kulturalean nola txertatu den gogoratzeko.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak itxi du ekitaldia. Haren hitzaldian, azpimarratu du eraikinak garrantzi handia hartu duela, ez bakarrik unibertsitatearen jarduera akademikoan, baita Euskal Herriko hirigintza, gizarte eta kultur mapan ere: "ez da erraza - adierazi du - eraikin batek hain denbora laburrean bereganatzea Bizkaia Aretoak Bilbon eta Euskal Herri osoan duen izaera enblematikoa, sinbolikoa. Bizkaia Aretoak UPV/EHU identifikatzen du: unibertsitateko komunitate gisa identifikatzen gaitu. Bilboko erdigunean egoteak gizartearentzat ikusgarri egin ez ezik, aukera ere eman digu euskal kulturaren eta artearen munduarekin harremanak estutzeko. Eta hamar urte hauek harro-harro ospatzen ditugu egin dugunagatik, baina baita egiteko dagoen guztian jarritako itxaropenarekin ere.

ARTE ETA BILTZAR JARDUERAZ BETETAKO HAMARKADA

Ia 5.000 ekitaldi egin eta ia milioi erdi bisitari izan dira lan aldi honetan.Bizkaia Aretoa BBK Fundazioak euskal unibertsitateari eginiko lagapen batetik sortu zen, eta Álvaro Siza portugaldar arkitektoak eginiko diseinu batetik (arkitekturaren Nobel saritzat hartzen den Pritzker sariaren 1992ko irabazlea).

UPV/EHUren paraninfoa Bilboko leku enblematikoenetako batean kokaturik dago, Abandoibarran, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean, eta Iberdrola dorrearen itzalean. UPV/EHUren paraninfoak lau auditorio ditu (Mitxelena, 440 lagunentzat; Baroja, 160 lagunentzat; Oteiza, 90 lagunentzat; eta Arriaga, 65 lagunentzat); lau erakusketa gune (Chillida, Axular, Etxepare eta Laboa, 500 metro koadrotik gora guztira); hainbat bilera gela; 400 metro koadroko hall-a; eta Mentxu Gal margolariari eskainitako 1.200 metro koadroko terraza, lorategiarekin, Abandoibarra etorbidera begira.

Bizkaia Aretoan era guztietako ekitaldiak egiten dira: sozialak, kulturalak, akademikoak, zientifikoak, unibertsitate arlokoak eta beste hainbat alorretakoak. Kalitate handiko azpiegitura eta prestazio modernoak ez ezik, arreta eta zerbitzu bikainak eskaintzen ditu. Izan ere, ikusle-entzuleak guztiz gogobeterik irteten dira Bizkaia Aretoan antolatzen diren ekitaldietatik, 4,5 puntutik gorakoa izanik beti balorazioa 5 puntuko eskalan.

Hamar urte hauetan, 4.940 ekitaldi egin dira (kongresuak, mintegiak, bilera zientifikoak, ikuskizunak edo erakusketak). Eta denbora tarte horretan ia milioi erdi pertsonak (495.223) parte hartu dute ekitaldi horietan, eta horrek espazio horren garrantzia nolakoa den adierazten du. Nabarmentzekoa da, baita ere, ekitaldien bilakaera eta asistentzia handituz joan direla paraninfoa sortu zenetik. Hori horrela, Bizkaia Aretoa, azken urteetan, Bizkaian kongresu gehien egiten diren azpiegitura bihurtu da, eta oro har ekitaldiak antolatzen dituen bigarrena.

Nolanahi ere, Bizkaia Aretoak ezin izan dio pandemiari itzuri egin, eta 2020an eta 2021ean nabarmen egin du behera ekitaldien eta bertaratutako pertsonen kopuruak. Dena dela, ez zaio ekitaldiak antolatzeari utzi, uneoro pertsonen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurri guztiak hartuta. Alde horretatik, apustu sendoa egin da ekitaldien digitalizazioaren eta eskaintza bimodalaren alde (presentziala eta birtuala).

Etorkizunari begira, Bizkaia Aretoak erreferente izaten jarraitu nahi du ekitaldi akademiko eta sozialen antolakuntzan, eta bere eskaintza eta zerbitzuak indartu nahi ditu UPV/EHUko komunitate akademikoari eta oro har gizarte osoari begira.

Hamar urteko ibilbidearen ondoren, Euskal Herriko Unibertsitatearen paraninfoa funtsezko elementu bihurtu da EAEn biltzarrak antolatzen dituen sarean. Agerian jarri du euskal unibertsitate publikoa Bilbon, eta UPV/EHUren helburu garrantzitsuenetako bat betetzen lagundu du: hots, jakintzaren transferentzia eta zientziaren garapena eta zabalkundea indartzea.