Bizkaia Bono Denda berriak bihartik aurrera egongo dira salgai, baina ezingo dira kutxazainaren edo interneten bidez erosi. Aurten bonoak dendetan zuzenean lortuko ahal dira erosketak egiteko momentuan. Guztira, 38.550 bonu izango dira, 15 eurokoak 30 euro gastatzeko bakoitzearekin. Kanpaina hau abenduaren 15era martxan egongo da.

"Erabaki dugu beste bonu-kanpaina bat egitea urteko aldi honetan, uste baitugu garrantzitsua dela kontsumoa suspertzea beherapen-aldiaren eta Gabonen aldean erosketa gutxi izaten diren urtaro honetan. Sektoreak ere gauza bera esan digu. Izan ere, beherapenetan eta Gabonetan eskariak gora egiten du, eta uste dugu hobe dela kontsumorako pizgarriak ematea erosketa urriko aldi batean", esan du Ekonomia Sustatzeko Saileko foru diputatu Ainara Basurkok.

18 urtetik gorako pertsona bakoitzak 4 bonu erosi ahal izango ditu gehienez eta faktura bakoitza ordaintzeko bi erabili ahal izango dira gehienez ekimen honekin bat egin duten Bizkai osoko 2.772 establezimenduetan. Bonuak denetariko produktuen txikizkako merkataritzan ari diren establezimenduetan erabili ahal izango dira (janari-dendetan barne), bai eta ikuztegietan, tindategietan, ile-apaindegietan, edertasun-aretoetan, estetika-kabineteetan, argazki-zerbitzuetan eta Bizkaiko Artisautza Erregistroan sartutako artisautza eta artisauen establezimendu eta tailerretan ere.

Gainera, bonuen erabilera orekatzeko eta suspertze-eragina Bizkai osoan zabaltzeko asmoarekin, Bizkaiko lurraldea lau multzotan zatitu da biztanleriaren arabera, iazko abenduko kanpainan egin zen bezala. Hona: Bilbo; Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri; Eskuinaldea, Plentzia-Mungia eta Gernika-Bermeo; Durangaldea, Arratia-Nerbioi eta Markina-Ondarroa. Bizkaiko Foru Aldundiak 639.900 euro inbertituko ditu kanpaina honetan.