BILBO. Bizkaia Frontoiak Bizkaia Bizkaialde Fundazioak urtero ospatzen duen topaketa jaso du. Aurtengoa ekimen honen hamahirugarren edizioa izan da, eta Bizkaiko kirolaren ordezkariak hartu dute parte. Guztira Fundazioko 28 enpresetako, 30 klubetako eta 36 taldetako eskuordeak izan dira topaketa honetan.

Fundazioaren Patronatuko presidenta eta Euskara, Kultura eta Kirol diputatua den Lorea Bilbao Ibarrak urtero egiten den hitzordu horretan Lurraldeko kirola babesteko apustua egiten duten erakundeen ahalegina goraipatu eta eskertu du.

Bizkaia Bizkaialde Fundazioaren Patronatuak Bizkaia frontoian jaso ditu Fundazioa osatzen duten erakunde eta enpresak, bai eta Bizkaia Bizkaialderen ekarpenen onuradun diren kirolariak eta klubetako ordezkariak ere. Bizkaiko Foru Aldundia Fundazioaren bultzatzailea da eta, Lorea Bilbaok adierazi duenez, `Bizkaiak kirol-sistema sendoa du, erakundeen, federazioen, kluben, kirolarien, teknikarien, enpresen eta abarren arteko talde-lanari esker. Gaur, inoiz baino gehiago, Bizkaiko kirolaren muskulua indartu behar dugu.´ Fundazioko presidentak zera gaineratu du `lanean jarraitu behar dugu, kirol-sareak markatutako erronkak lortzen jarraitu dezan. Bide horretan lankidetza publiko pribatua funtsezkoa da Bizkaiko kirol sistemaren muskulua indartzen jarraitzeko. Horrexegatik du zentzua eta beharrezkoa da Bizkaia Bizkaialde Fundazioa. Bizkaia Bizkaialde Fundazioak ezinbesteko lana egiten duela lurraldeko klub eta taldeek lehiatzen jarrai dezaten.´

Denboraldi honetan, 2021-2022, Bizkaia Bizkaialde Fundazioak 1.000.000 euro baino gehiago ematen dizkie 16 kirol-modalitatetan maila gorenean lehiatzen diren 36 kirol-talderi, 18 emakumezkoenak, 17 gizonezkoenak eta talde misto bat.