BILBO. Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerriek Finantzetako Lurralde Kontseiluak urrian egindako aurreikuspena baino 13.235.977 euro gutxiago itzuli beharko dute, Udalkutxak iaz egindako likidazio negatiboagatik. Aurreikusita zegoen 59,9 milioi euro itzuli behar izatea, baina azkenean 45.965.138 euro izango dira.

Gaur Bilbon egindako Finantzetako Lurralde Kontseiluak jakitera eman du zein den Bizkaiko udalerriek Udalkutxari itzuli beharko dioten azken zenbatekoa, hau da, Bizkaiko udalek tributu itunduen bilketan parte hartzeko erabiltzen duten Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.

Udalen finantza-egoera errazteko, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak erabaki zuen zenbateko horren itzulketa 2022 eta 2023 ekitaldietara geroratzeko aukera ematea, hau da, % 50 ordaintzea urtero. Gaurko Finantzetako Lurralde Kontseiluan, itzulketa modu horretan egiteko funtsezko alderdiak jorratu dira.

FINANTZETAKO LURRALDE KONTSEILUARI BURUZ

Hamar kide ditu Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak, eta haietatik bost Bizkaiko Foru Aldundikoak dira; besteak beste, presidentea, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatua. Beste bost kide ere baditu Kontseiluak, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak, alegia, eta agintaldi honetan udal hauetakoak dira ordezkariok: Bilbo, Fruiz, Larrabetzu, Plentzia eta Portugalete.

Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseilua gutxienez urtean bitan biltzen da, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileren ondoren. Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, eta udal finantzaketaren banaketa egokia bermatzen du Bizkaiko Lurralde Historikoan.