BILBO. Basogintza-sektorea garatzeko inbertsio garrantzitsua egin du Bizkaiko Foru Aldundiak. Guztira, 3.891.242 milioi euroko aurrekontua bideratu egin du, 675 laguntzetan banatuta, sektorean izan daitezkeen arriskuen aurrean erresistenteagoa, lehiakorragoa eta berritzaileagoa izaten laguntzeko.

Zenbateko horren zatirik handiena, 3,5 milioi euro, 661 onuradunen artean banatu da, baso-azalerak basotzeko eta sortzeko, hondamendi naturalek eragindako kalteak prebenitzeko, baso-ekosistemen ingurumen-gaitasuna eta -balioa handitzeko inbertsioak egiteko eta baso-teknologietan eta baso-produktuak eraldatu eta mobilizatzeko inbertsioak garatzeko.

Gainerako 356.000 euroak 14 proiektuen artean banatu dira eta, horrela, baso-pistak eraiki, egokitu, hobetu eta mantentzeko lanak finantzatuko dituzte.

Laguntzak norgehiagoka-erregimenean eman dira, baina dirulaguntza horiek jasotzeko baldintzak betetzen zituzten eskaera guztiak erantzun dira. Laguntza horiei dagokienez Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak zenbait lehentasun ezarri zituen; besteak beste, baso-sektorean ezagutzen transferentzia eta berrikuntza sustatzea, baso-landaketen bideragarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea eta baso-kudeaketa jasangarria sustatzea. Beste lehentasun batzuk honako hauek izan dira: biodibertsitatea leheneratzea, zaintzea eta hobetzea; lurzoruen higadura prebenitzea eta horien kudeaketa hobetzea; baliabideen eraginkortasuna sustatzea eta karbono gutxiko ekonomia batera igarotzea sustatzea, karbonoa finkatuz eta harrapatuz klima-aldaketari aurre egiteko gai dena.

Ildo horretatik, basoen hobekuntza ekonomikoan inbertitzeko laguntza hauek emateko baldintza gisa jarri da baso-kudeaketa jasangarrirako tresna bat izatea eta, azikuletan onddo-afektazioak dituzten koniferoen baso-guneen gaur egungo osasun-egoera aintzat hartuta beharrezkoa da afekzio horren inpaktu ekonomikoa arintzeko neurriak ezartzea; ondorioz, afekzio-maila altuak dituzten eta bideragarritasunik ez duten masak ezabatzeko laguntza-neurriak ematen dira. Halaber, birlandaketen bidez burutuko diren baso-leheneratze neurriak ezartzen dira Bizkaiaren baso-azalera mantentzearen ondoreetarako.