Euskarazko ikus-entzunezko sektorearen ikur nagusia da, Euskal Herrian eta euskaraz egiten den jaialdi bakarra izanik. Hiztoria luzea duen Lekeitioko Euskal Zine Bilerak hala ere bere moldea aldatu behako du aurtengoan, bere 43. edizioan. “Hilabeteotan bizi dugun osasun alarma egoera honek etorkizunera begirako zalantzak azaleratzen” dituenean, “on line izaera bereganatuko du aurtengoak”. Zine aretoan jende kopuru handia biltzeak “arriskuak izan ditzakela kontuan hartuta”, on line egitura batekiko apustua egingo dute antolakuntzatik. Edizio berriaren datak ez dira aldatu, eta Lekeitioko Ikusgarri zinemak hartuko du jaialdia beste behin, azaroaren 21etik 29ra bitartean.

“Modu honetan, Euskal Zine Bileraren edizioa edozein pantailatik jarraitzeko aukera izango dute zaleek eta Lekeitiora etorri ezin duen jendeari ate berriak irekiko zaizkio”. Hori horrela, “aurten esfortzu berezia egingo da Lekeitiorentzat eta euskal zinemako profesional eta zaleentzat hain garrantzitsua den jaialdia ospatu ahal izateko”, diotenez. Baina ekimenak ez du etendurarik pairatuko. Eta izatez, martxan da jada, nahi duen orok bere hautagaitza aurkeztu ahal duelako. “Lanak aurkezteko epea irailaren 13ra bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri”, adierazi dute. Lehiaketak ere ohiko sariak izango ditu: zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. “Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea”.

Lehiaketa on line formatuan eginda, “guztion ongizatea bermatzeko helburuarekin”, Euskal Zine Bilerak datozen hilabeteetan jasoko ditu ikus-entzunezko lanak, azaroan lehian izango diren 20 lanak aukeratzera arte.