- Verter Recycling zabortegiaren inguruko bizilagunek hiru orduko lanuzteak egin zituzten atzo Eibar, Mallabia, Elgeta, Ermua eta Zaldibarren. Mobilizazioen antola-tzaileak, hots, Zaldibar Argitu plataformak, hiru elementu azpimarratu zituen deialdiarekin bat: langileen duintasuna, herritar guztien osasuna eta erantzukizuna. "Joaquin eta Alberto oraindik daude zabor azpian lurperatuta eta inork ez du bere gain hartu gertatutakoa. Egoeraren kudeaketa eskandalu bat da, eta herritarrei gelditzen zaien bide bakarra mobilizazioa da", adierazi zuen Jokin Bergara Zaldibar Argitu plataformaren bozeramaileak.

Gauzak horrela, mobilizazioak 12:00etatik 15:00etara bitartean egin ziren, eta ELA, LAB, CC.OO., Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek bat egin zuten deialdiarekin. Herritarren ahotsa argi geratu zen: "Hondamendi honen erantzuleak nor-tzuk dira? Zergatik dago Arriola jauna hain isilik? Zergatik begiratzen du Urkullu jaunak beste aldera? Kontrolik gabeko egoera honen erantzule nagusiak arduradun politikoak zarete". Horrelakoak entzun ziren manifestazioan zehar Eibarren adibidez. Hartara, antolatzaileek aldarrikapen zerrenda bat azaleratu zuten, aipatutakoez gainera, bestelako eskakizunak eginez: hondakinen kudeaketa publikoa eta zorrotza, luiziaren arrazoiak argi-tzea edota zabortegian lan egiten duten pertsonen segurtasuna bermatzea.

Arratsalderako zenbait elkarretaratze eta mobilizazio deituta zituen Zaldibar Argitu plataformak, baina koronabisuraren hedadura dela eta, bertan behera geratu ziren. "Arduratsuak izateko bertan behera utzi ditugu mobilizazioak. Beste batzuen arduragabekeriak ekarri gaitu okerrera doan egoera honetara", salatu zuen Zaldibar Argitu-k Twitter bidez.

Gainera, sare sozialetan partekatutako irudietan ikus zitekeenez, kea zerion atzo arratsaldean Verter Recyclingen. Alabaina, SOS Deiak-ek bertan burutzen ari diren lanek eragindako hauts eta lurruna baino ez zirela bermatu zuen.

Testuinguru honetan, eta ezinbestean bat egin duten bi egoerak ikusita, Osasun Sailaren gomendioekin bat egin du Zaldibarko Udalak. Hartara, koronabirusaren hedapenari aurrea hartzeko helburuarekin, gaurtik aurrera herriko udal-instalazio guztiak itxita egongo dira, Udaletxeko bulegoak izan ezik. "Neurri hauek prebentziorako helburuarekin hartuta daude. Zaldibarko udaletik lasaitasunerako eta prebentziorako deia helarazi nahi diegu zaldibartarraiei", irakur daiteke bertako Udalak zabaldutako ohar baten.