BILBO. BBKk eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko talentua sustatzeko apustua egiten jarraitzen dute Bizkaia BBK Programaren deialdi berri bat abiaraziz. Deialdi hori graduko unibertsitate-titulua duten 30 edo 35 urtetik beherako (hautatutako graduondokoaren arabera) eta Bizkaian bizi diren gazteei zuzenduta dago.

Programaren helburua lurraldeko talentuari bultzada berria ematea eta lurraldeko ekonomiaren sektore estrategikoetan kualifikatutako profesionalen prestakuntza espezializatuari laguntzea da: big data, energia, aeronautika, hub finantzarioa eta automozioa.

Hasierako zuzkidura ekonomikoa 170.000 eurokoa da, eta baliteke zenbateko hori handitzea, aurkeztutako hautagaien eta Bizkaia BBK Programaren baliabideen arabera. Era berean, ahalik eta hautagaitza gehien lagunduko dira, unibertsitateek eta enpresek onartuko dituzten deialdiaren onuradunek hautatutako prestakuntzaren kostuaren arabera. Programak matrikulazio-gastuak, hegazkin-txartelak, ostatua, mantenua eta gerta daitezkeen bestelako gastuak estaltzen ditu, deialdian ezarritako baremoen arabera.

Bizkaia BBK Programa bi fasetan banatzen da, denbora-tarte eta prestakuntza-ezaugarri bereiziekin:

1. fasea. Prestakuntza espezializatua nazioarteko erreferentziazko zentroetan. Programaren hasierako fase honetan, hautatutako hautagaiek graduondoko bat egingo dute ardatz estrategiko bakoitzari esleitutako nazioarteko erreferentziazko -zentroetan. Prestakuntzaren helburua sektore horretako enpresa liderrek identifikatutako erronkei erantzungo dieten arlo espezifikoen ezagutzan sakontzea izango da, eta 12, 18 edo 24 hilabeteko iraupena izango du.

2. fasea. Bizkaiko enpresetan laneratzea. Fase honetan, hautagaia Bizkaiko trakzio-enpresa batean sartuko da, prestakuntza egin duen lehentasunezko eremuan eta dagokion titulua lortu ondoren. Kontratuak iraupen jakin bat izango du, gehienez 2 urtekoa izango dena; lanaldi osokoa izango da eta enpresak goi-tituludun bati eskainitako lan-baldintzen parekoak izango ditu.

Eskabideak egiteko epea 2020ko martxoaren 13an amaituko da eta programaren azken ebazpena 2020ko maiatza-ekainean argitaratuko da. Hautagaiak www.bizkaiabbk.eus webgunean erregistratu beharko dira, eta eskuragarri dagoen eskabide-inprimakia bete.

Enpresak eta esku hartzen duten sektorea:

- CIE Automotive (automozioa)

- Euskaltel (big data)

- Fineco (hub finantzarioa)

- Gamesa (big data)

- Gestamp (automozioa)

- Iberdrola (big data eta energia)

- ITP Aero (aeronautika)

- MTC Maier Technology Center (automozioa)

- Ormazabal (big data)

- Grupo RETAbet (big data)

- Sener (energia, aeronautika, big data)

- ZIV (energia)

Unibertsitateak eta titulazioak:

- Strathclyde University. Msc, PgDip Data Analytics.

- Ecole Polytechnique + Hec Paris. MSc Data Science for Business.

- HEC Paris. HEC Master in Management Grande Ecole.

- Cranfield University. Aerospace Propulsion option - MSc in Thermal Power VU.

- Strathclyde University. MSc, 5G Advanced Communications.

- European Institute of Innovation and Technology (EIT). MSc SENSE - Master’s in Smart Electrical Networks and Systems.

- Saarland University, Luleå Technical University, Barcelona Tech, Université de Lorraine. Advanced Materials Science & Engineering (AMASE) Master.

- RWTH Aachen University. M.Sc. Production Systems Engineering.

- Esslingen University. Master of Engineering in Automotive Systems.

BBKren helburuen artean daude, besteak beste, kultura sustatzea eta garatzea, ezagutza zabaltzea, bai eta pertsonen prestakuntza ere, edozein dela ere hura aurkezteko edo hautemateko esparrua, alderdia edo modalitateak, jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduko duten ekimenak bultzatuz eta abiaraziz.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak bere apustu estrategikoen artean ditu gazteak bikaintasunean trebatzea, kalitatezko enplegua sortzea eta Bizkaiko ekonomiaren sektore traktoreei laguntzea.

Bizkaia BBK Programak Bizkaia Talent elkartearen laguntza du. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du elkarte hori eta bere jardueren helburua kualifikazio handiko pertsonak fidelizatzeko, erakartzeko eta lotzeko baldintzak eta prozesuak bultzatzea eta bideratzea da, Bizkaiko erakundeen, entitateen eta enpresen berrikuntza- eta ezagutza-arloak sustatuz.