BILBO. Kirol-eskolan parte hartzen duten erakundeentzako xedaturiko diru-laguntza deialdia apirilaren 1ean irekiko da. Eskaerak aurkezteko epea 2019ko maiatzaren 3ra bitartekoa egongo da zabalik. Foru aldundiak 657.994 euroko partida bideratu du.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2018/2019 ikasturterako Bizkaiko kirol-eskolaren programan sartuta dauden lehiatzeko kirol-jardueretan eta/edo Heziki irakaskuntza-jardueretan parte hartzen duten erakundeentzako xedaturiko foru diru-laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onartu ditu.

Honako hauek izango dira laguntza horien hartzaileak: Bizkaiko Lurralde Historikoan ikasketa ofizialak ematen dituzten ikastetxeak, ikastetxe horietako gurasoen elkarteak edo haiei lotuta dauden eta nortasun juridikoa duten entitateak, egoitza soziala Bizkaiko Lurralde Historikoan duten kirol elkarteak eta kirol klubak, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko udalak edota kirolaren arloko udal erakunde autonomoak nahiz udal fundazio publikoak, Hezikiren kasuan.

Foru erakundeak, herritarren artean kirol-jarduera sustatzen jarraitzeko xedearekin, diru-laguntzen deialdia ireki du 657.994 euroko partidarekin.

Eskaerak aurkezteko epea 2019ko apirilaren 1tik maiatzaren 3ra bitartekoa izango da, bi egun horiek barne. Eskaerak Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Saileko Kirol Zerbitzuko Eskola Kirolaren Atalean aurkeztu behar dira, Bilbon (Rekalde zumarkalea 30, lehenengo solairua).