BILBO. Bilboko Udalak, Bizkaiko Barne Dekoratzaile eta Diseinatzaileen Elkargo Ofizialarekin batera bigarrenez abiarazitako "Biziago Student!" programaren bederatzi finalisten proiektuak, Bilboko Alde Zaharrean ikusgai daude. Alde Zaharrean hutsik dauden lokaletan merkataritza berriro aktibatzeko ekimena da bai eta barne diseinatzaileen lanaren garrantzia nabarmentzea.

Dagoeneko bisita daitezke aurtengo deialdiko finalista diren bederatzi dekorazio proiektuak. Berritasun gisa, Gasteizko I.D. Arte barne diseinu eskolako ikasleek hartu dute parte. Hala, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Barne Dekoratzaile eta Diseinatzaileen Elkargo Ofizialak azken graduko ikasleak hiriaren garapenean zuzenean inplikatzeko asmoa dute, bai eta proiektu erreal batean lan eginez haien sormena eta jakintza probatzeko asmoa ere. Gainera, une honetan udala sektore berrien bueltan (sormena, diseinua...) lanean ari da, hiriko gazteentzako etorkizuneko balizko lan eremuak dira eta. Gogoan izango duzuenez, iaz, programa esperimental horren lehenengo edizioan, lanak diseinatzaile profesionalenak izan ziren.

Hautatutako bederatzi ikasleak honako hauek dira:

  • Amaia Llona Barbón (Bilbo).
  • Cristina Lahore Gómez (Deba).
  • Joel Mentxaka Rivero (Mungia).
  • Kizkitza Zinkunegi Goitia (Errezil).
  • Marta Elías Sola (Bilbao).
  • Maddi Eguren Zubeldía (Donostia).
  • Maitane Alonso Bayón (Bilbo).
  • Juana Adot Rodrigues (Gasteiz).
  • Unai Oyarbide Errazquin (Tolosa).

Diseinuak azaroaren 22ra arte egongo dira ikusgai parte hartu duten lokalen fatxadetan, eta ikusleek beren gustukoena zein den esan dezakete bozketa bidez azaroaren 20ra arte. Herritarren botoekin eta epaimahai profesionalaren balorazioarekin erabakiko da zein izango den 2018ko edizioko irabazlea. Epaimahaiaren epaia azaroaren 22an bertan jakinaraziko da, Azkuna Zentroan egingo den sari banaketarako ekitaldian.

Duela urte asko hasi zen Bilboko Udala Alde Zaharrean hainbat ekintza garatzen gune horretako merkataritza jarduera mantendu eta bultzatzeko. Gainera, hirira datozen turista gehienentzako erakargarria da Alde Zaharra.

Horri dagokionez, BiziaGO! programak Alde Zaharreko kaleetan merkataritza berriz aktibatzea bultzatzen du; horretarako, gaur egun hutsik dauden lokalen garrantzia nabarmendu nahi du. Barne diseinatzaileen merkataritza proposamenak ikusteak lokal horiekiko interesa eta horien erakargarritasuna areagotzen du, bai eta alokatzeko edo saltzeko aukerak hobetu ere. Hain zuzen, lehenengo edizioan parte hartu zuten lokaletako bitan dagoeneko negozio berriak daude (Belostikale 7 eta 19).