ohikoa izaten ez bada ere, badago bere herrian profeta dela esan dezakeenik. Carmen Mijangos kimikaria, Eneko Atxa sukaldaria, Txomin Bereciartua Novia Salcedo Fundazioaren sortzailea, Ramón Barea aktorea eta Jon Kortajarena modeloa horren erakusle dira. Aintzatespena ofizialki gauza-tzeko, Ibon Areso alkatea buru delarik, Bilbotar Ospetsuak omentzeko harrera instituzionala egingo da bihar Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan, arratsaldeko 20.00etan. Hiritarrek streaming bidez jarraitu ahal izango dute ekitaldia bilbao.net webgunean.
Nahiz eta ibilbide oparo baten ondorioz sariak jasotzera ohituta egon, ilusio handiz jaso dute honako izendapena. Jorratzen duten lana dela eta, aurpegi ezagunak dituzte herritarrentzat, bai kamara aurrean trebatuta daudelako eta bai komunikabideen arreta bereganatzea lortu dutelako. Hori da, behintzat, Barea, Atxa eta Kortajarenaren egoera. Mijangosen kasua, berriz, bestelakoa da: Ikerketaren munduan oso “ezaguna eta aintzatetsia” den arren, bilbotarrek nekez identifikatzen dute entzute-tsuen zerrendan sartu den lehen emakume zientzialaria.
“Alor ezberdinetan lan egiten duen jendea aintzatesi izanak garena isla-tzen du: jarduera ugari eta askotariko herria. Kanpotik datozenek bertako kultura, gastronomia, empresagintza, zientzia... ezagutu dezakete. Gauza askok aberasten dute Bilbo eta uste dut hori erakutsi nahi izan dutela”, irizten du Atxak izendapenei buruz.
Euren ibilbidea norabide desberdinetan garatu duten arren, barru-barruan daramate hiriarenganako atxikimendua. “Bilbo berriak harritu egiten nau oraindik, egunero deskubritzen dut. Bizirik dagoen hiria da”, dio Bareak; “Nahiz eta krisi garaia izan, historian zehar zailtasun guztiak gainditu eta aurrera egiten duen hiria izan da beti”, adierazten du Bereciartuak. Izan ere, Bilbotar Ospetsuek zera dute komunean: Doazen lekura doazela, Bilbo gorestea ezinbestekoa da, baita bere berezitasunak lau haizetara zabaltzea ere.