BILBO. José Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia izan da ekitaldiaren buru, Irene Pardo Nekazaritza foru diputatua ere bertan zegoela. Izan ere, Bizkaiko Nekazaritza Sailak lurraldeko txakolina ekoitzi eta egitea sustatzen du eta sektorearekin kolaboratzen du.
Horrela, foru erakundeko arduradunek azaldu dutenez, 2012. urtean, txakolinaren ekoizpenaren kalitatea hobetzeko hitzarmen batzuk onartu ziren, gizartean eta kontsumitzaileen artean jatorrizko deitura sustatzeko. Besteak beste, hitzarmenak sinatu ziren Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearekin, Bialtxa txakolingileen elkartearekin eta Mendibile elkartearekin.
Gainera, Bizkaiko Aldundiak aurrekontuaren zati bat gordetzen du kalitate plana sustatzeko, Bizkaiko Txakolinaren ekoizpen eta lanketa faseetarako. Mahasgintzan ekoizpen integratuko teknikak garatzearen aldeko inbertsioa ere egiten du eta sektore politikak eta informazioa trukatzea sustatzen ditu, ardo sektore profesional eta lehiakorra bultzatze aldera. Mahasgileen prestakuntzaren aldeko lana ere egiten du, baita ekoizpenean berrikuntzaren alde ere.
Bestalde, Zallako Frutagintza Estazioan, batetik, Bizkaiko frutagintza eta mahastizaintza aztertu eta hobetzen dira eta, bestetik, Bizkaiko Txakolina eta Bizkaiko Sagardoa jatorrizko deiturei eta Frutazainen Elkarteari (Bialtxa) eta Txakolingileen Elkarteari (Bialtxa) laguntza eta baliabide teknologikoak eskaintzen zaie.
Gaur egun, zentroak sei hektarea ditu okupatuta fruta-arbola eta mahatsondoekin. Horrez gain, badauzka upategi esperimental bat, landareak ugaltzeko eta mahatsondoetako gaiak hautatzeko berotegiak, ureztatzeko instalazioak, eta estazio meteorologikoa.