Arrieta. Jai giroa izango da nagusi Arrietan egun hauetan. Gaur emango diote hasiera Arrietako Udalak, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin batera, hamaikagarren asteburu kulturalari. Hiru egunetan, hainbat ekintza izango dira herrian, adin guztiei zuzendutako egitarauan. Ikuskizunak, kantaldiak, txapelketak eta liburu azoka izango dira aurten nagusi.

Jaialdi honi hasiera emateko, ikus-entzunezko emanaldia izango da gaur, Kultur Etxean, arratsaldeko zazpi eta erdietatik hasita. Bertan, munduan zehar egindako bidaia izango da nagusi. Eneko eta Miyuki, Tandemean Ameriketan Barrena obra ikusi ahal izango dute herritarrek, eta protagonisten hitzak zuzenean entzun. Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe arabarrek tandem batean, Hegoamerika alderik alde gurutzatu dute eta esperientzia horren berri ematera hurbilduko dira Arrietara. Ikusentzunezkoan, bizi izandako abentura erakutsiko dute, eta arreta berezia eskainiko diete kultura eta errealitate sozial desberdinetako jendearekin bizi izandako harremanei.

Bihar, margo lehiaketa izango da arratsaldean, beste urte batzuetan bezala, plazan, edo eguraldi txarrarekin, frontoian. Ondoren, Esti eta Olatz abeslariek kantaldia proposatuko dute, Kultur Etxean. Bi urterik behin egiten da Kantuzaleen Elkarteak antolatutako Bizkaiko Kantu Txapelketa ospatzen da eta lau urterik behin, Euskal Herrikoa. 2008an izan zen Euskal Herrikoa, eta Esti eta Olatzek jantzi zuten Euskal Herriko txapela. Aurten, Bizkaiko Txapelketa jokatu da eta honetan ere Zeanuriko bikote hau izan da txapeldun.

Igandean, goiz guztian zehar liburu azoka izango da herriko plazan. Eguerdi partean, txapel jaurtiketa lehiaketa ospatuko dute herritarren artean. Beranduago, San Inazio Argazki lehiaketaren sariak banatuko dira, eta partehartzaileen erakusketa izango da, jaialdiari amaiera emanez.