Astelehen honetan goizean, ekainaren 29an, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok hasiera eman dio uztailaren 4ra arte luzatuko den Bilboko Kalealdia Antzerki eta Arte jaialdiaren 27. edizioari. Bilboko Udalak 54 emanaldiz osatutako programazioa eskainiko du aurten eta, beti bezala, Casilda Iturrizar Parkea agertoki nagusietako bat izango da. Alkatearekin batera Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia eta Pedro Ormazabal Jaialdiko zuzendaria egon dira.
Programazioa
Topaketan, Hortzmuga Teatroa konpainiak parkearen dekorazioa azaldu du, Kalekasilda proiektutik sortua, inguruko espazioak eraldatzen dituen esku-hartze artistikoa, jasangarritasuna lehenetsiz. Instalazioak zuhaitzen eta berdeguneen bidez haratago begiratzera gonbidatzen du, esanahi edo begirada berrien bilaketa proposatuz.
Era berean, Le Polpesse, Ea Eo eta Furinkaï Frantziako konpainiek, Berceurs du Temps kanadiarrak eta Factoría Norte y El Encuentro Teatro Asturiasko konpainiak Jaialdian zehar publikoari eskainiko dizkioten proposamen artistikoak aurkeztu dituzte.
Bestalde, Madrilgo La Venidera konpainiak "NO (pieza corta)" lanaren laburpen bat aurreratu die hedabideei eta bertaratutako ikusleei. Obra hori gaur arratsaldean aurkeztuko dute, 20:45ean, Pergolan, Kalealdiaren programazioaren barruan.
Alkateak adierazi duenez, Bilboko Kalealdia "kultura hiriko hainbat gunetara hurbiltzeko eta herritar guztientzako jaialdi irisgarri bat eskaintzeko helburuarekin sortu zen. Izan ere, urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen denez, kultura-proposamen hau sendotu egin da eta Bilboko publikoaren eta bisitarien artean sustraitu egin da, Udalak tokiko arte-sorkuntzarekin eta pertsona guztientzako kultura-irisgarritasunarekin duen konpromisoa indartuz.
Doako jarduerak
Aurten Jaialdian programatutako emanaldi guztiak doakoak eta sarrera librekoak izango dira, Insectotròpics konpainiaren “La Conferencia de los Pájaros” eta Los Galindos konpainia katalanaren "MDR – Muerte de risa" izan ezik. Horietarako gonbidapena erreserbatu beharko da webgunean. Lehenengo ikuskizuna Bizkaia Aretoa-EHUn egingo da uztailaren 3an, ostirala, 22:30ean, eta bigarrena, ostiralean, hilaren 3an, eta larunbatean, hilaren 4an, 19:00etan, San Frantziskoko Hiri Baratzean.
Edizio honetan, Casilda Iturrizar Parkea Bilboko Kalealdiaren egoitza nagusi izango da berriz, eta inguruan Gargantua eta bi foodtruck egongo dira. Haurrentzako atrakzioa ekainaren 29tik uztailaren 2ra egongo da eskuragarri 17:00etatik 21:00etara, eta foodtruckek 17:00etatik 21:30era bitartean eskainiko dute beren eskaintza gastronomikoa.
Gainera, Hiribilduko beste gune batzuetan ere Jaialdian programatutako zenbait emanaldi izango dira. Hala, Arriaga Plaza, Areatza, Elkarbizitzaren Plaza, Mariaren Bihotza Plaza, Plaza Biribila eta Bizkaia Aretoa izango dira Bilboko Kalealdiaren programazioaren parte.
Jaialdi honek 2023-2033 Bilboko Kultura Plan Estrategikoaren jarraibideei jarraitzen ditu, hala nola, kultura herritarrengana hurbiltzea, agenda kuturala hiriko hainbat agertokitara deszentralizatzea eta programazio egonkorra, kalitatezkoa eta denboran jarraitua eskaintzea, tokiko konpainiak barne hartzeaz gain.