Síguenos en redes sociales:

Bilboko Udalak indarrak batu ditu euskal instituzioekin tokiko demokrazia babesteko

Ekainaren 17tik 19ra, ‘Democracy Week Euskadi’ ekimenaren lehen edizioa egingo da Euskalduna Jauregian

Bilboko Udalak indarrak batu ditu euskal instituzioekin tokiko demokrazia babestekoB. U.

Euskalduna Jauregiak Democracy Week Euskadi ekimenaren lehenengo edizioa jasoko du asteazken honetatik ostiralera bitartean, hau da, ekainaren 17tik 19ra. Horrenbestez, Bilbo erreferentzia-gune bihurtuko da, demokraziaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko eta udalerrien eguneroko bizitzan hura hurbiletik defendatzeko. Instituzioetako ordezkariek, gazte hautetsiek, adituek eta esparru batzuetan —herritarren parte-hartzean eta desinformazioan— eragin handia duten ahotsek elkarrekin hausnartuko dute demokrazia garaikideek gaur egun dituzten erronka nagusiei buruz.

'Sostengatzen gaituena sostengatu' lelopean, ekimenak gonbit egingo digu gobernantza demokratikoa higatzen duten arriskuei eta mehatxuei buruz modu kolektiboan hausnartzera, eta elkarrizketa publikoa sustatuko du instituzioekiko konfiantza eta tokiko erakundeen funtsezko rola indartzeko, polarizazioak, desinformazioak eta higadura demokratikoak markatutako une honetan.

Ekitaldi nagusia ekainaren 19an izango da, ODELL-Demokraziaren Tokiko Defentsarako Europako Behatokiaren aurkezpen ofizialarekin. Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak (CEMR), EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Bilboko Udalak bultzatutako ekimena da. Era berean, proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, Euskadi Local2030 Hub-en esparruan, bai eta Milango Bocconi Unibertsitatearen euskarri zientifikoa ere.

Europako Behatokia sortu da, tokiko komunitateetan kalitate demokratikoa indartzeko eta alkateen eta zinegotzien lana babesteko, gero eta handiagoak diren mehatxuen aurrean: ziberjazarpena, emakume politikoen aurkako indarkeria sexista, gorroto-diskurtsoak eta ordezkari publikoen aurkako larderia-kanpainak, besteak beste.

Joan den abenduan Bruselan aurkeztu ondoren, hemendik aurrera, proiektua hedatzen hasiko da, eta egoitza bikoitza izango du Bilbon (EUDEL) eta Belgikako hiriburuan. Euskal erakundeen helburua Euskadi Europan erreferente gisa kokatzea da, ezagutzaren, jardunbide egokien eta gomendio politikoen arloan, tokiko komunitateak haiei eusten dieten balio demokratikoetatik indartzeko.

Astebete demokrazioarentzat

Programazioa ekainaren 17an hasiko da,'Demokraziaren krisia eta gobernantza demokratikoaren etorkizuna' nazioarteko mintegiarekin. Eusko Jaurlaritzako Berrikuntzako Sozialaren eta 2030 Agendaren Zuzendaritzak antolatu du, Arantzazulaben laguntzarekin. Asier Aranbarri eta Naiara Goia zuzendariez gain, nazioarteko erreferentziazko adituek hartuko dute parte sinposioan: José María Lassalle, Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea Comillas Unibertsitate Pontifikalean; Johanna Dunaway, Siracusako Unibertsitateko Institute for Democracy, Journalism and Citizenshipeko zuzendaria; Piret Tonurist, ELGAko Berrikuntzako arduraduna; eta Mari Jose Rodríguez, Deustuko Unibertsitateko irakaslea.

Bigarren egunean, ekainaren 18an, 'Tokiko politikaren belaunaldi berria' landuko da. EUDELek tailer bat antolatuko du udaletako gazte hautetsiekin, Gazteriaren Euskal Kontseiluarekin lankidetzan. Tokiko parte-hartze politikoa indartzeko oztopoak, jarduteko baldintzak eta erronkak identifikatzea izango du ardatz.

Ekainaren 19an, ODELL-Europako Behatokiaren aurkezpena egingo da. Saioan parte hartuko dute Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Ander Caballerok eta CEMRko idazkari nagusi Fabrizio Rossik. Gainera, Bilboko Udaleko zinegotzi eta CEMRko bozeramaile Eider Inuntziagak Behatokiaren hurrengo lan-ildoak aurkeztuko ditu.

Bestalde, azken jardunaldi horretan, tokiko ordezkari gazteen topaketaren ondorioak aurkeztuko dira, eta desinformazioari buruzko hitzaldi bat izango da. Alberto Alemanno arduratuko da hitzaldiaz; izan ere, The Good Lobbyren sortzailea, Europar Batasuneko Zuzenbideko irakaslea, eta herritarren parte-hartzearen eta gobernantza demokratikoaren arloko ahotsik ezagunenetakoa da. Gero, solasaldia egingo dute María José Cantalapiedrak, Braulio Gómezek eta Andoni Eizagirrek, zeinak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak diren, hurrenez hurren.