Miribilla Eskola, Gabriel Aresti HLHI, Ingeniero José Orbegozo Goroztidi HLHI eta Otxarkoaga HLHI izan dira Bilboko Udalak martxan jarritako 'Elkarrekin Bidean. Elkarbizitza lantzen’ programan parte hartu duten lau ikastetxeak.
Ekimenak aurten ia 450 ikasle eta 60 irakasle, hezkuntza-langile eta familiatik gora bildu ditu, elkarbizitzari, emozioen kudeaketari, indarkeriarik gabeko komunikazioari eta gatazken elkarrizketa bidezko konponbideari buruzko tailerren bidez.
Eider Bilbao Hezkuntza zinegotziaren hitzetan, “eskola-elkarbizitzak egonkortasuna, baliabideak eta laguntza espezializatua behar ditu; izan ere, elkarbizitzen eta elkarrizketan aritzen ikastea ikasgelan lantzen den beste edozein gaitasun bezain garrantzitsua da”. Gainera, programak “ikasgelako gatazkak lantzeaz gain, emozioen kudeaketa, indarkeriaren prebentzioa eta hezkuntza-komunitate osoaren ongizatea ere lantzeko aukera ematen duela” nabarmendu du.
Ikasturtea amaitzean lau ikastetxeek bidalitako ebaluazioaren arabera, ikasleekin egindako tailerren % 90ek bostetik lau edo bost puntuko balorazioa jaso dute, eta irakasleei zuzendutako prestakuntza-saio guztiek puntuaziorik altuena eskuratu dute. Bereziki azpimarratu dira prestatzaile-taldearen gertutasuna, enpatia eta programa ikasgela bakoitzaren errealitatera egokitzeko gaitasuna.
Ardatz nagusiak
Proiektuaren ardatz nagusietako bat Ausarten Kluba sendotzea izan da. Ikasle bitartekariek osatzen duten talde horrek eguneroko gatazketan esku hartzen, ondoez egoeran dauden ikaskideei laguntzen eta ikastetxe barruan erreferente positibo gisa jarduten ikasten du. Eredu hori bereziki sendotu da Otxarkoaga HLHIn; izan ere, programa bigarren ikasturtez jarraian garatzen ari da bertan, eta gaur egun eskola-bitartekaritzako taldea lau neskak eta bi mutilek osatzen dute.
Ongizate elkarte espezializatuak garatzen duen programak adin bakoitzera egokitutako metodologia parte-hartzaileak erabiltzen ditu, eta entzute aktiboa, enpatia, emozioen erregulazioa eta indarkeriarik gabeko komunikazioa uztartzen ditu. Erabiltzen diren baliabideen artean daude PEPA teknika (gelditu, lasaitu, pentsatu eta jardun), elkarrizketa-zirkuluak, lankidetza-jolasak eta emozioak identifikatzen eta desadostasunak indarkeriarik gabe kudeatzen ikasteko tailer espezifikoak.
Esku-hartzea ikasgeletatik harago ere zabaldu da. Programak irakasle eta hezkuntza-langileekin autozaintzari eta emozioen kudeaketari buruzko saioak eskaini ditu, eta Otxarkoaga HLHIko amen talde batekin tailer pilotu bat ere egin da, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartearekin (AMUGE) elkarlanean. Tailer horrek eskola-bitartekaritza eta ijito kulturako “konpontzailearen” figura tradizionala lotu ditu.
Aurtengo edizioko berrikuntzen artean, emozioak erregulatzeko guneak sortu dira ikasgeletan eta jolastokietan, eta ikasle txikienei tratu txarreko egoerak, elkarbizitza negatibokoak eta haserrearen kudeaketa identifikatzen laguntzeko tresna bisual berriak ere txertatu dira.
Ekimen hau Hezkuntza Sailaren lan-ildoaren barruan kokatzen da, udal ikastetxeetako hezkuntza-komunitatearen ongizate integrala indartzeko eta Bilboko eskola publikoan elkarbizitzaren eta gatazken konponbide baketsuaren kultura sustatzeko helburuarekin.