'Denbora osasuna da. Denbora antolatzea pertsonak zaintzea denean' lelopean ospatuko da aurtengo DenBBora Sarearen Jardunaldia. Datorren ostiralean izango da, astebete barru, ekainaren 12an, goizeko 9:30etik 13:00etara bitartean. Hamabigarren edizio honen egoitza Bilboko Yimby gunea izango da, eta bertan hainbat gai jorratuko dira.
Nola eragiten du denboraren antolaketak langileen osasunean? Zer eginkizun izan dezakete enpresek eta erakundeek “denboraren pobrezia” deritzon fenomenoari aurre egiteko? Posible al da laneko ongizatea eta lan-giroa hobetzea denboren kudeaketa berritzaileago baten bidez? Galdera horiek eta beste hainbat izango dira hizpide Jardunaldia pertsonak erdigunean jartzen dituzten antolaketa-ereduetan aurrera egin nahi duten enpresa, erakunde eta profesionalei zuzenduta dago. Esperientzien, hausnarketaren eta jardunbide egokien bidez, denboren antolaketak langileen ongizate fisikoan, mentalean eta sozialean nahiz erakundeen jasangarritasunean duen eragina aztertuko da.
Parte-hartzaileak
Hasierako agur instituzionala Itziar Urtasunek, Bilboko Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotziak, eta Trinidad L. Vicentek, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Saileko Berdintasun zuzendariak, egingo dute; bi erakundeak baitira denBBora Sarearen sustatzaileak.
Jardunaldia Rosa Fernández-Villa Gutiérrezek, Metro Bilbaoko Giza Kapitalaren zuzendariak, dinamizatuko du, eta gaiari ikuspegi osagarriak eskainiko dizkioten hiru adituren parte-hartzea izango da.
Alde batetik, Georgina Monge Lópezek, Bartzelonako Udaleko Genero Zeharkakotasuneko teknikariak, denboraren pobreziaren kontzeptua landuko du. Gero eta hedatuago dagoen egoera horrek adin, sektore eta egoera guztietako pertsonei eragiten die. Denbora faltak eguneroko errealitate bihurtu da, eta ondorio sozial, ekonomiko eta laboral garrantzitsuak ditu.
Antolaketa-ikuspegitik, Ana Guridi Garcíak, Mutualiako Prebentzio arduradunak, lanaren antolaketaren eta laneko osasunaren arteko lotura aztertuko du. Azalduko du nola denboren kudeaketa egokiak prebentzio-tresna eraginkorra izan daitekeen arrisku psikosozialak murrizteko, ongizatea sustatzeko eta erakundeetan prebentzio-kultura indartzeko.
Jardunaldia Bizitegiren esperientzia praktikoarekin osatuko da. Iñigo Parga Orrantiak, Esku Hartze eta Kontzilia taldeko arduradunak, zaintzen duten pertsonak zaintzen dituen erakunde batek lan-ingurune osasungarriagoak, jasangarriagoak eta konprometituagoak nola sor ditzakeen azalduko du, zaintzan eta ongizatean oinarritutako kultura antolatzaileen garrantzia azpimarratuz.
Ekimen honen helburua da eztabaida zabaltzea, kontziliazioan edo laneko arriskuen prebentzioan soilik zentratu beharrean, denborak pluralean ulertzeko: lan-denborak, atseden-denborak, zaintza-denborak, parte-hartze sozialerako denborak eta bizitza pertsonalerako denborak. Ikuspegi horrek aitortzen du denboraren kudeaketa erronka kolektiboa dela, eta aldi berean aukera bat erakunde berritzaileagoak, lehiakorragoak eta zaintzaileak sustatzeko.
Jardunaldia
DenBBora Sarearen XII. Jardunaldia Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoaren baitan kokatzen da, denboren kultura berri bat sustatzeko. Sektore desberdinetako erakundeen arteko lankidetzaren bidez, sareak erakusten jarraitzen du denborak hobeto kudeatzea ez dela soilik kontziliazio kontua; osasuna, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko estrategia ere bada gizarte osoarentzat.
Gaur egun, sareak 60 enpresa eta erakunde ditu atxikita, eta guztira 33.900 langile baino gehiago ordezkatzen ditu; horietatik %60 emakumeak dira eta %40 gizonak. Ezarpen zabal horrek denBBora Sarea erreferentziazko gune bihurtu du esperientziak partekatzeko,jardunbide egokiak sustatzeko eta pertsonen bizi-kalitatea nahiz erakundeen lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten antolaketa-ereduetan aurrera egiteko.
DenBBora Saretik Bilbo eta Bizkaiko enpresa eta erakunde guztiak animatu nahi dira jardunaldi honetan parte hartzera eta gero eta estrategikoagoa den hausnarketa honekin bat egitera. Frogatuta dago denborak hobeto kudeatzen dituzten erakundeek lan-ingurune osasungarriagoak sortzen dituztela, lan-giroa hobetzen dutela, taldeen konpromisoa indartzen dutela eta gizarte orekatuago eta jasangarriago bat eraikitzen laguntzen dutela.