Síguenos en redes sociales:

Aburtok parte-hartzeko lan-jardunaldi bat inauguratu du

Udal sailetako, erakunde publikoetako, gizarte-entitateetako eta eragile komunitarioetako 80 ordezkarik baino gehiagok parte hartuko dute Udalak bultzatutako lankidetza-jardunaldi honetan

Aburtok parte-hartzeko lan-jardunaldi bat inauguratu duB. U.

Ostiral honetan goizean, ekainaren 5ean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok2026-2035eko nahi gabeko bakardadearen eta isolamendu sozialaren aurkako udal-estrategiaren lehen plan operatiboaren prestaketan aurrera egiteko balioko duen parte-hartzeko lan-jardunaldi bat inauguratu du.

Bileran, 80 lagun baino gehiago bildu dira –udal sailetako, erakunde publikoetako, gizarte-entitateetako, hirugarren sektoreko erakundeetako eta komunitateko eragileetako ordezkariak–, hirian nahi ez den bakardadea prebenitzeko eta lantzeko konpromisoa hartuta.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak jardunaldi honen garrantzia nabarmendu du, bertaratutako pertsonen eta entitateen aniztasunagatik: "hiri bidezkoagoa, gizatiarragoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko lankidetza, konpromisoa eta borondate partekatua irudikatzen ditu". Hori "indargune bat" dela adierazi du, "gure garaiko erronka sozial handienetako baten" aurrean estrategia bat garatzeko.Izan ere, "Bilbo zaintzen duen hiria da. Ez da asmo-adierazpen soila, politika egiteko modu bat ere bada. Gure Balioen Agiriak argi uzten du: pertsonak dira udal-ekintzaren erdigunea. Inork ez du atzean geratu behar", adierazi du.

2024. eta 2025. urteetan, Bilboko Udalak diagnostiko-, gogoeta- eta partaidetza-prozesu zabal bat garatu du. Prozesu hori aurten amaitu da, hurrengo hamarkadarako nahi gabeko bakardadearen eta isolamendu sozialaren aurkako udal-estrategia onartuz. Estrategia horrek ikuspegi transbertsal eta komunitario batetik erreparatzen dio fenomenoari, pertsonen bizi-zikloa kontuan izanik. Gainera, generoaren eta gizarte-ekitatearen ikuspegiak txertatzen ditu. 

Estrategiaren abiapuntua gure gizarteetan gero eta presentzia handiagoa duen errealitate bat da: nahi ez den bakardadea pertsonen ongizateari, osasunari eta kidetasun-sentimenduari eragiten dien esperientzia bat da, eta erantzun koordinatuak behar ditu, hainbat jarduketa-eremutatik. Udal-diagnostikoan jasotako datuen arabera, Bilboko biztanleriaren % 16k dio bakarrik sentitu dela maiz, eta gazteak eta emakumeak dira kolektibo kaltetuenetako batzuk. Eta azken bost urteetan, bakardade-sentimendua % 12 igo da. OMEk berak bakardadea munduko osasun publikoko arazotzat hartu zuen 2023an.

Estrategiaren hedapena

Gaurko topaketaren helburu nagusia estrategiaren hedapenean beste urrats bat ematea zen, dagoeneko hirian egiten diren jarduketak eta 2026-2029 aldirako Udal Ekintza Planean sar daitezkeen proposamen berriak identifikatuz. Horretarako, parte-hartzaileek lankidetza-metodologia baten bidez lan egin dute hainbat mahai tematikotan, ekintza zehatzak sortzeko eta lehenesteko.

Aburtok parte-hartzeko lan-jardunaldi bat inauguratu du.

Helburuak lortzeko, estrategia bost ardatz estrategikotan egituratzen da: ezagutza sortzea; sentsibilizazioa; detekzioa eta arreta; ekintza koordinatu eta transbertsala; eta komunitatea egitea. Ardatz horiek, era berean, 30 jardun-ildotan banatzen dira.

Jardunaldian parte hartu dute Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko, Osakidetzako, BBK-ko, gizarte-entitateetako, elkargo profesionaletako eta erakunde komunitarioetako ordezkariek, eta gizarte-erronka honi erantzuteko beharrezkoa den izaera partekatua eta zeharkakoa islatu dute

Ekimen honekin, Bilboko Udalak berretsi egiten du hiri kohesionatuago, inklusiboago eta konektatuago bat eraikitzeko konpromisoa, non pertsona guztiek sentitu ahal izango duten lagun egiten zaiela, baloratuak direla eta euren komunitatearen parte aktibo direla.