Urtero bezala, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok parte hartu du ostegun honetan Arriaga Antzokian ospatutako Klasikoen Irakurraldi Jarraitua ekimenaren edizio berrian. Aurten Txillardegiren 'Leturiaren egunkari ezkutua' liburua irakurri du, askorentzat euskarazko lehenengo eleberri modernoa dena.

Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesa duen ekitaldian, dozenaka pertsona txandakatu dira goiz osoan Txillardegiren 'Leturiaren egunkari ezkutua' irakurtzeko, Arriaga Antzokiko Foyer-en jarritako mikrofonoaren aurrean.  Joseba Sarrionandia idazleak (Iurreta, 1958) José Luis Álvarez Enparantza​ Txillardegiri (Donostia, 1929-2012) ahotsa jarri eta berak irakurri ditu 'Leturiaren egunkari ezkutua' liburuko lehenengo lerroak, Arriagan, 08:00etan. Ondoren, urtero legez, euskal gizarteko eremu guztietako ehunka pertsona txandakatu dira: kultura eta gizarte eragileak, ikasleak, irakasleak, elkarteetako eta sindikatuetako ordezkariak eta erakundeetako ordezkariak.

Obrari buruz

1957. urtean argitaratua, 'Leturiaren egunkari ezkutua' euskarazko lehen euskal nobela modernotzat jotzen da. Eleberriak berrikuntza handia ekarri zuen euskal literaturan, bai formaren aldetik zein gaiaren aldetik. Eleberria "bere garaiko umea da" (Txillardegi, 1977ko hitzaurrean). Garai hartan, existentzialismoa garaiko korronte filosofiko-literario nagusia zen, eta testuinguru horren eragina agerikoa da literatura-liburu honetan (Jean Paul Sartre, Albert Camus...).

Arriaga Antzokiak Klasikoen Irakurraldi Jarraitua ekimenaren edizio berri bat jaso du. B. U.

'Leturiaren egunkari ezkutua', funtsean, existentziari buruzko hausnarketa da, eta, euskarazko literaturan lehen aldiz, protagonista konplexu baten barne-gatazkak jorratzen ditu.  Liburu horrekin, Txillardegik literatura-sorkuntzarako bide berria zabaldu zuen, eta bidea urratu zuen ondoren etorri ziren idazle handientzat (Saizarbitoria, Atxaga...).

Euskal literaturaren ibilbidean, hortaz, mugarria izan zen eleberria, eta Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren XIX. edizioak ekarpen hori omendu nahi du.