Aholkularitza teknikoa, juridikoa eta soziala aurrez-aurre eskaini ahal izango du Surbisak aste honetatik aurrera. Astearte honetan goizean, Zurbaran-Arabella auzoan kokatutako opengela berria inauguratu dute Jon Bilbao Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen zinegotzi eta Surbisako presidenteak eta Nora Abete alkateordeak. Horrez gain, kontserbazioko, irisgarritasuneko eta energia-efizientziako obretarako laguntza ekonomikoen izapidetzea zentralizatuko du.

Jarduketa-eremuan 204 eraikin eta 3.296 etxebizitza daude. Inguru horretan, higiezinen % 61ek ez dauka igogailurik eta soilik % 22 da erabat irisgarria. Gainera, etxeen % 74k Bizkaiko batez bestekoaren % 80tik beherako diru-sarrerak dauzka.

Jon Bilbao Hiri Berroneratzearen zinegotzi eta Surbisako presidenteak adierazi duenez, "datu horiek agerian uzten dute esku-hartze publikoa beharrezkoa dela auzoko bizi-kalitatea hobetzeko", eta azpimarratu du bulego berriak aukera emango duela "administrazioa herritarrengana hurbiltzeko eta birgaitze-prozesuak errazteko, askotan konplexuak baitira komunitateentzat".

Zurbaran-Arabellako bulegoa irekitzeak indartu egiten du Udalak birgaitze-premia espezifikoak dituzten auzoetan zabaltzen ari den hurbileko bulegoen eredua.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren dirulaguntza bati esker jarri da abian.Nora Abetek gogorarazi duenez, "jarduketa honekin, Bilboko Udalak aurrera egiten du desberdintasunak murrizteko, auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko eta hiri-eredu jasangarriagoa, irisgarriagoa eta inklusiboagoa finkatzeko konpromisoan".

Leihatila bakarra birgaikuntzarako

Opengelaren egoitza Zurbaranbarri kaleko 23. zenbakian egongo da eta auzokideentzako eta jabeen erkidegoentzako erreferentzia-puntua izango da. Laguntza eskaintzen du prozesu osoan, diagnostiko teknikotik hasi eta obrak egin eta finantzatu arte.

Astelehenetik ostiralera emango da zerbitzua, goizez eta astean arratsalde bitan. Zehazki, astelehen, eguazten eta barikuetan 8:00etatik 15:00etara eta martitzen eta eguenetan 9:30etik 14:00etara eta 15:30etik 18:00etara. Bulegoa irekita egongo da 2026ko abenduaren 31ra arte.Interesa duten pertsonak edo jabeen erkidegoak Opengelara joan daitezke edo 682 472 033 zenbakira deitu, eta jabetza pribatuko eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko mota guztietako obretarako informazioa eta dirulaguntzen izapidetzea kontsultatu: kontserbazioa, irisgarritasuna eta energia-efizientzia.

Uretamendi-Betolazako Opengelaren jarduera-balantzea

Bestalde, Uretamendi-Betolazako Opengelak –hori ere Surbisak kudeatzen du– irekita jarraituko du 2026ko abenduaren 31ra arte, 2023ko azaroan abian jarri zenetik auzoa berroneratzeko funtsezko tresna izan baita.

Aldi horretan, haren jarduerak aukera eman du bizilekuen birgaitzea modu esanguratsuan bultzatzeko eta 30 eraikinetan eta 10 etxebizitzatan egindako esku-hartzeei erantzun die, batez ere irisgarritasunean, kontserbazioan, energia-efizientzian eta bizigarritasun-baldintzen hobekuntzan.

Surbisaren bulego berriaren inaugurazioa. B. U.

2025ean inflexio-puntu bat ezarri zen eta 143 eraikin eremu degradatu deklaratu ziren. Horrek finantzaketa publikoko lerro berrietarako sarbidea erraztu du eta ingurunean jarduteko aukerak indartu ditu. Era berean, laguntza-programa batzuk jarri dira abian birgaitze-proiektu teknikoak eta birnaturalizatzeko jarduerak idazteko. Horiei esker, zenbait esku-hartze finantzatu ahal izan dira eta auzo-komunitate berrien interesa piztu da.

Aldi berean, Aukera Espazioen programaren barruan hobetu daitezkeen hiri-espazioak identifikatu dira eta eremu degradatuak berreskuratzen eta ingurune komuna hobetzen aurrera egin da. Termino ekonomikoetan, 2023 eta 2025 bitartean birgaitze babestuko 19 espediente izapidetu dira eta horien onura 11 eraikinek eta 153 etxebizitzek jaso dute. Milioi bat eurotik gorako inbertsioa egin da eta milioi erdi baino gehiago eman da dirulaguntzetan.

Oro har, balantzeak Opengelaren hurbiltasun-ereduaren eragin positiboa islatzen du, lagungarria izan baita birgaitzea dinamizatzeko, auzoen arteko lankidetza indartzeko eta Uretamendin bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa hobetzen jarraitzeko oinarriak ezartzeko.